ESKUALDEA

Plazaolako bide berdearen proiektua 2024ko aurrekontuetatik kanpo utzi du Gipuzkoako Foru Aldundiak

Iñigo Gonzalez Sarobe 2023ko aza. 28a, 14:19

'Txanpinoien tunela' ezizenez ezagutzen den zatia da Lasarte-Oria eta Urnieta udalerriak Plazaolako bide berdearen bidez lotzeko falta den bakarra. Gipuzkoako Foru Aldundiak proiektu horretan lanean hasteko asmoa adierazi izan du azken urteetan, 2022ko apirilean Europako Next Generation funtsetara hautagaitza aurkeztu eta aurtengo aurrekontuetan 130.000 euroko partida bat onartuta. Edonola ere, gaur-gaurkoz ez du "inolako lanik" egin bertan, Gipuzkoako Batzar Nagusietako, Lasarte-Oriako eta Urnietako EH Bilduko taldeetako ordezkari Jon Martin, Esti Garmendia eta Eukeni Garmendiak salatu dutenez.

Onartuta dauden partidak ez erabiltzearekin nahikoa ez, eta ordezkari horiek deitoratu dute EAJk eta PSE-EEk gobernatzen duten erakundeak datorren urteko aurrekontuetan ez duela euro bakar bat ere aurreikusi: "Proiektu hori egikaritzeari uko egin nahi dio Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun sailak eta aurrekontu proposamenetik desagerrarazi". Jose Ignacio Asensiok gidatzen duen departamentuaren erabakia kritikatzeaz gain, EH Bilduk azpimarratu du egitasmo horrek "berebiziko garrantzia" duela aipatu bi udalerri horientzat eta Buruntzaldearentzat, "mugikortasun, aisia nahiz turismo baliabide bezala". Hori dela eta, euren "aldeko jarrera" berretsi eta iragarri dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan datorren urteko aurrekontuen prozesuaren barruan ildo hori landuko dutela, "Lasarte-Oria eta Urnieta lotu eta Plazaolako bide berdearen proiektua behingoz azkeneraino gauza dezaten".

Next Generation funtsak

Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburu Javier Hurtadok 2022ko abenduan iragarri zuen Plazaola, Urola eta Vasco-Navarro bide berdeetako proiektuan 2.560.000 euro bideratuko zituela, EH Bilduko ordezkariek gogorarazi dutenez. Bestalde, erakunde horrek Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzarmen bat sinatu zuen aipatu egitasmo horietan 2.300.000 euro inbertitzeko.

Ildo horretatik, Foru Aldundiak "zentimo bat bera ere" exekutatu ez duela salatu dute agerraldian, nahiz eta aurtengo aurrekontuetan 130.000 euroko diru partida bat izan horretarako. Prentsaurrekoa aurrera eraman bitartean atzera eta aurrera ibili dira langileak. Horietako batek, Jose Antonio Sarasolak, Aiurri eta TXINTXARRI aldizkarietako kazetariekin hitz egin du egoera nola dagoen jakinarazteko: "Etorri izan dira ingeniari pare bat eta geologo bat eremua ikusi eta ur emaria neurtzera gune honetan lan batzuk egiteko aurrekari gisa, baina denbora da Foru Aldundiak ezer gehiago jakinarazi ez digula". 

Kamioi bat, 'txanpinoien tunelerantz' lehengaiak eramaten.