Urteko garai hau seme-alabei edo ingurukoei euskarazko liburuak, musika edota jostailu eta jokoak erosi eta oparitzeko aukera paregabea izaten da; hala adierazi du Euskara Batzordeko buru Jon Antxordokik. Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria aurkeztego agerraldian egin ditu adierazpenok. Adierazi du katalogoaren edizio berria osatu dela eta Lasarte-Oriako etxetara banatzen ari direla, hain zuzen ere 16 urte bitarteko haur edota gazteren bat bizi den etxebizitza guztietara.
Bai web orriak, zein paperezko edizioak, biek ere itxura berriak estreinatu dituzte eta dituen edukiak bi atal nagusitan antolatuak daude: 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuekin bata, eta 12-16 urte bitarteko gazteentzako produktuekin bestea.
Jakinarazi dute, www.katalogoa.eus ataria maiztasunez eguneratzen den web orria dela, argitaratzen diren produktu berriak sartuz, deskatalogatu direnak kenduz. Oraingoz 8.000 produktu inguru biltzen ditu, eta paperezko edizioak bezala bi atal nagusi ditu: 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuekin osatua lehena, eta 12-16 urte bitarteko gazteentzako produktuekin, bigarrena. Eta ez hori bakarrik, atal bakoitzak bere direktorioa du eta, horrek, tipologia bakoitzeko produktuen bilaketa nabarmen erraztu eta hobetzen da produktuak tituluaren, argitaletxearen, autorearen, adin tartearen edota prezioaren arabera bistara daitezkeelako. Erabiltzaileak produkturen bat begiz joz gero, argitaletxearen denda birtualera sartzeko manera izango du ‘non eskuratu’ botoian klikatuta.
Buletin elektronikoa
Azken nobedadeen berri izan nahi dutenei, www.katalogoa.eus atariak buletin elektronikora harpidetzeko bide ere ematen die; harpidedunek urtearen buruan 10 buletin jasoko dituzte, argitaratu berri diren produktuen erreferentziekin. Izan ere, horixe da web orriaren helburua: merkatuan aurki daitezkeen euskarazko azken nobedadeak ere erabiltzaileen eskura modu erraz batean jartzea.