Mestiza izeneko Gobernuz Kanpoko Erakundeak aurrera eramaten du Bookstart Euskadi proiektua, hainbat erakunderen laguntzarekin: Espainiako Gobernuko Haur Pobreziaren Aurkako Goi Mandataritza, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Kooperazio, Kirol eta Gazteria saila eta tokian tokiko udalak. Lasarte-Oriakoa izan da ekimenarekin bat egiten azkena eta agerraldi bat antolatu du horren nondik norakoen berri izateko.
Haur Pobreziaren Aurkako Goi Mandatari Ernesto Gascok nabarmendu du "konbentzimenduagatik" bakarrik ez, "sentimenduagatik" aurrera eramaten dituztela Bookstart Euskadiren gisako ekimenak. "Plazera da Foru Aldundiarekin eta Lasarte-Oriako Udalarekin elkarlanean aritzea". Haurrei eta haien familiei banatuko dieten materiala "oso koloretsu eta erakargarria" dela adierazi du eta "etorkizuneko gizartearen oinarri izango diren helduak" formatzeko "aproposa" dela, irakurzaletasunaz gain hizkuntzak ikasteko bide ere emango dielako: euskara, gaztelania eta ingelesa. "0 eta 3 urteko haurrek garai horretan garatzen dituzte euren gaitasun kognitibo guztiak eta orduan ikasten dute espazioak, lengoaiak... erlazionatzen".
Gizartean "berrinbertitzeko"
Mestiza elkarteko ordezkari Ana Molinak hartu du hitza gero, esateko gizarteko belaunaldi berriengan orain inbertitutakoa ez dela etorkizunean erabili beharko beste alor batzuetan. "Gizartean berrinbertitzea da Bookstart Euskadi, kulturaren bidez ezarrita dauden estereotipo ugari hautsi eta gizateria eraldatzeko". Jakinarazi du herrialde askotan garatzen duten egitasmo bat dela eta "ohorea" dela beraientzat Gipuzkoan gero eta dimentsio gehiago hartzea. Norabide horretan, erakundeen laguntza "berebizikoa" dela zehaztu du, adibidez, Liburu Baby Kluba (irakurketa saioak haur eta familientzat) espazio publikoetan burutzen dutelako; gure herriaren kasuan, Udal Liburutegian.
Irakurketa saio horiek abenduaren 2an eta 16an izango direla ezagutarazi du udaleko Hezkuntza batzordeburu Maite Iglesiasek; 11:00etan hasiko dira biak. Lehen aipatutako hiru hizkuntzetan aurrera eramango dute eta literatura, musika, artea eta ingurumena sustatuko, doako irakurzaletasuna akuilatzearen bidez. Horrez gain, esan bezala, adin tarte horretako umeak dituzten familia guztiek eskutitz bana jasoko dute etxean, liburu poltsaren bila liburutegira bertara joan daitezen.
Foru Aldundiko Kooperazio departamentuko buru Ana Priedek adierazi duenez, gisa horretako ekimenek laguntzen dute "gizarte plural, anitz eta enpatikoagoa" eraikitzen. "Erabat babesten dugu egitasmoa eta badakigu, adibidez, ikaragarrizko arrakasta izan duela Ordizian".
Azkenik, udaleko Gizarte Zerbitzuetako batzordeburu Lourdes Acevedok nabarmendu du doakoa dela egitasmoa eta horrek bide emango duela gaitasun ekonomikoagatik familia bakar bat ere diskriminatzera. Era berean, erakunde desberdinen elkarlanak horrelako fruituak eman ditzakeela balioetsi du.