Esanahi berritua du gaurtik Mirentxuk

Txintxarri Aldizkaria 2023ko aza. 26a, 21:00

Islada Ezkutatuak elkarteak, Lasarte-Oriako Udalarekin lankidetzan, monolito bat jarri du Mirentxun. Etxearen inguruko lorategian dago eta bere esanahiaren berri eman dute eguerdian egindako ekitaldian. Harriak Frankismoak jazarritako herritarrak gogoratu eta omendu nahi ditu. 

Zenbait udal ordezkari eta 60 bat herritar bertaratu dira eguerdian Mirentxuren eraikin ondoan aurrera eramandako ekitaldira. Batzuk han zeuden aulkietan eseri dira eta beste batzuk zutik gelditu dira haien inguruan. Lehen lerroan, Agustin Valdivia alkatea zegoen eta haren parez pare atrila. Bertatik hitz egiten lehena Islada Ezkutatuak elkartearen lehendakari Mailu Arruti izan da. Agurraren ondoren, Joxea Muguruza taldekideari eman dio hitza, eta honek laburbildu du harriaren zergatia: "Frakismoaren basakeria pairatu zuten gizon, emakume eta haurrak oroitzeko".

1936-1950 arteko errepresioaz mintzatu da ondoren, 1939-1950 artekoak urte gogorrenak izan zirela nabarmenduz. Garai hartan, Mirentxuren jabeek herritik ihes egin behar izan zuten, bazekitelako tropa nazionalak iristean zain zuten patua: "gizonentzat, zuloa eta emakumeei... auskalo zer egingo zieten". Horrexegatik, oroitarriak "bere bizitzarekin,  gorputzarekin, jabetzarekin eta kulturarekin matxinatuek ezarritako odol kuota ordaindu zutenak" aintzatesten ditu.

Jarraian, alkateak egin du bere adierazpena. Estatu kolpeak eta diktaduraren errepresioak eragindako giza eskubideen aurkako erasoaren zenbait datu gogoratu ditu. Lasarte-Oria ez zen salbuespena izan. "Lasarteoriatarrak azpiratuak izan ziren, eta etxe honetatik zuzendu zen errepresio horren zati handi bat, nork biziraun eta nor exekutatua izan behar zen erabakita, jainkoak bailiran". 

Memoria historikoaren garrantzia

Gertakarien errepasoak, ziur aski, beraien edo senideen bizitzaren pasarteak burura ekarri dizkietelako, zirrara nabari zen bertan zeuden batzuen aurpegian eta malkoei eutsi ezin izan dienik ere izan da. 

Memoria historikoaren garrantzia nabarmendu du Valdiviak, "gerra zibilaren eta diktadura frankistaren biktimen memoria berreskuratu eta gordetzeko  borroka" dela zehaztuz. Biktimekiko eta haien senideekiko "betebehar morala" izateaz gain, "iragan hurbila eta egun dituen ondorioak ulertzeko" eta "krimen horiek errepikatzea saihesteko" ezinbestekotzat jo du. Horrez gain, belaunaldi berriek haien etxeetatik gertu herrikideen aurkako errepresioa antolatu zela ezagutzearen balioa ere nabarmendu du.

Udalak etxea erosi zuenean bere iraganaren berri ez bazuen ere, bertan gizarte zerbitzuak ezarri zituen. Mirentxuri esanahi berria ematea "biktimei justizia egiteko modua, gertatutakoa ahazten ez dela esateko modua" dela ere gehitu du. "Harri hau haien oroimenez da, gogora dezan gure herriaren gogortasuna eta kolpeei erresistentzia".

Joseba Tapiak Gernikako bonbardaketari buruzko abestia kantatu du, Muguruzak berriro hitz egin aurretik. Modu zabalagoan azaldu du Islada Ezkutuakek egiten duen lana eta Frankismoaren bai jardunbide bai ondorioen zenbait zertzelada eman ditu, besteak beste, Jose Zato kide zenaren historia aipatuz. Amaitzean, Tapiak Madrilgo lagunak abestu du. 

Oroitarria estaltzen zuen zapia kentzeko ordua iritsi da. Alkateak egin du eta  Agurra dantzatu dute harriaren aurrean. Zatoren alabak eskerrak eman nahi izan dizkie aita zenaren elkartekideei. Bere senideen gorpua aurkitzea lortu zuenean, atseden hartuko zuen galdetu zion aitari, eta honek berak jaso zuen laguntza kontuan izanda, gauza bera egiteko asmoa zuela erantzun zion. Islada Ezkutatuaken eman zion horretarako aukera. "Ohorea izan zen bere alaba izatea eta bera aita izatea".