Emakumeen aurkako indarkeria gaitzetsi dute

Txintxarri Aldizkaria 2023ko aza. 25a, 12:55

Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Egunaren ekintza nagusia izan da Okendo plazan eguerdian egindako elkarretaratzea. 80 bat lagun bildu Emakumeen aurkako indarkeriari ez lelodun pankarta atzean, besteak beste, udal alderdietako zenbait ordezkari. Neska gazteentzako autodefentsa feminista tailerra eta Asunak Taldeak deitutako elkarretaratzea bertan behera utzi dituzte. 

Egunak daramatzate udaletxeko aurrealdean emakumeen aurkako indarkeria gaitzesten duten zenbait ikur eta haiei batu dizkiete indarkeria matxistaren datuak biltzen dituzten afixak. Arkupeetako zutoinetan jarrita, haietako bakoitzean Lasarte-Orian, Gipuzkoan, EAEn eta Espainian izandako erasoen kopuruak ikus daitezke. 

Batzuen azpian eta besteen aurrean kokatu dute gaurko elkarretaratzea. Bat egin duten gehienak ordurako iritsi dira, eta ez zutenei, zapi morea eman diete eutsi edo lepo inguruan jar zezaten. Ordu laurden inguru iraun du ekintzak eta minutu horietan beste zenbait lagunek ere beren lekua hartu dute zabalgunean. Txaloek isiltasuna eten dutenean, pankarta eusten zegoen Encarni Baztan del Riok idatzi bat irakurri du. 

Indarkeria gaitzetsi eta aurten  bikote kideak edo bikote kide ohiak eraildako 52 emakumeak gogoratu ditu. "Datu beldurgarri" horri gehitzen zaizkio salaketen, epaiketen eta ezarritako zigorrenak ."Beharrezkoak izango dira, baina benetan ezertarako balio al dute? Erantzukizuna oinarrizkoa da eta denona da". 

Indarkeria fisikoaz haratago, bestelakoak ere badirela aipatu du. Del Rioren esanetan, bikotekidea edo seme-alabak beraienak uste duten gizonak "gaixoak dira eta laguntza eskatu beharko lukete" eta halako egoeran dauden emakumezkoek "Ez dut hau merezi" esaten ikasi. "Kontrola ez da maitasuna, indarkeria psikologikoa da. Begiak zabaldu eta ez dezagun indarkeria gehiago onartu". 

Indarkeria matxistak eta bestelako edozein indarkeriek "gure herria pobretzen" dutela nabarmendu du, eta amaitzeko, eskatu du Lasarte-Orian egon daitezela emakumeak babesteko neurriak: telefonoak, aholkularitza eta babesa. 

Udal adierazpena

Ondoren, Nuria Fernandez zinegotziak udal adierazpena irakurri du. 

"Azaroaren 25ean, indarkeria matxista desagerrarazteko nazioarteko egunean, sexu-indarkeriak adingabeen artean gero eta intzidentzia handiagoa duela azpimarratu nahi dugu, indarkeria-modu ikusezin eta normalizatuenetako bat den aldetik, urtetik urtera gora egiten jarraitzen baitu.

Lasarte-Oriako datuak honako hauek dira 2023an:

  • Indarkeria matxistako delituen atestatuak: 19
  • Salaketak: 11
  • Babes-aginduak: 9
  • Gaur egun 49 kasu daude irekita, eta horietatik 38ek babes-aginduak indarrean dituzte.

Hainbat txostenen arabera, sexu-delituen biktimen % 40 adingabeak dira, gehienak neskatoak eta nerabeak. Adingabeek sexu-askatasunaren kontra egindako delituen portzentajeak ere gora egin du. Laguntza espezializatuaren eskaerek ere gora egin duten arren, datuek erakusten dute neskek zailtasun handiak dituztela indarkeria-adierazpen jakin batzuk antzemateko beren portaeran, bai berdinen taldean, bai harreman afektiboetan.

Mugimendu feministak eta adituek kausatzat jotzen dute generozko ikuspegia duen kalitatezko sexu-heziketarik ez izatea eta familietan eta eskola-inguruneetan gizarte-balio egokiak transmititu ez izana. Era berean, adingabeen artean generozko mito eta estereotipoak hedatzeari buruz ohartarazten da, bai eta haurren sexualizazioari eta pornografiaren bidez sexuan goiz hasteari buruz ere, gehienbat ohiko erabilerako sare sozialetan. Kasu askotan, gainera, biktimen sinesgarritasunik eza antzematen da, eta horrek eragotzi egiten du adingabeei egindako abusu eta eraso sexualen kasuetan garaiz esku hartzea.

Horren guztiaren ondorioz, harreman afektibo-sexualen eta gizonek eta emakumeek harreman horietan duten rolaren imajinario desitxuratua zabaldu da. Sexu-indarkeria hutsaldu eta legitimatu egiten da, emakumeak, haien desirak eta gorputzak menderatzeko modu gisa.

Jokabide larrienek eraso sexualetara eta fisikoetara eraman dezakete, eta are, haien forma muturrekoenetan, emakumeen hilketetara ere.

Horren guztiaren aurrean, euskal instituziook eskura ditugun estrategia eta mekanismo guztiak sustatu behar ditugu, emakumeek eta neskek bizitza-garapen osoa izan dezaten, libertatezko eta segurtasunezko kondizioetan. Zehazki, beren desirak, afektuak eta sexu-portaerak derrigortzerik eta bortizkeriarik gabe adieraz ditzaten, generozko estereotipoak eta aginduak alde batera utzita.

Udalok, herritarrengandik hurbilen dauden instituzioak garen aldetik, udalerrietan berdintasunezko eta indarkeriarik gabeko bizikidetza baterako kondizioen alde aritzeko ardura dugu. Beraz, Lasarte-Oriako Udalak konpromiso hauek hartzen ditu:

  • Indarkeria matxista prebenitzeko herri-mailako estrategia artikulatzea/hobetzea/indartzea, adingabeen artean sexu-indarkeriari aurre egiteko egiturak, baliabideak, zerbitzuak edo programak ezarriz.
  • Biktima adingabeen ingurunean sexu-indarkerien detekzioa eta arreta goiztiarra gaitzea/hobetzea, herri-mailako koordinazio-protokoloen bidez.
  • Sexu-indarkerien biktimekin esku hartzen duten profesionalen prestakuntza-programak diseinatzea, inplementatzea eta ebaluatzea.
  • Sentsibilizazio-programak diseinatzea/garatzea/hobetzea herritarrekin eta, bereziki, gurasoekin eta irakasleekin, guraso-elkarteekin, generozko ikuspegia duen kalitatezko sexu-hezkuntzaren beharrari buruz.
  • Hezkuntza ez-formaleko guneetatik adingabeenganako indarkeria matxistaren kontrako jarrerak indartuko dituzten hezkuntza-prozesuak garatzen laguntzea.

Konpromiso horietan oinarrituta, honako ekintza hauek proposatzen dira:

  • Neskei eta nerabeei zuzendutako ahalduntze-programak indartzea sexualitateari, bikote-harremanei, maitasun erromantikoari, autodefentsa feministako tailerrei eta abarri buruz.
  • Mutikoei eta mutilei zuzendutako interbentzioak abian jartzea, afektibitatea, erlazio-ereduak, maskulinitate-ereduak, edo rol sexistak gainditzeko estrategiak eta parekotasuna lantzeko.
  • Indarkeria digitala prebenitzeko eta hari erantzuteko estrategiak lantzea, indarkeria matxistaren forma berri horiei ere aurre eginez.
  • Udalerriko adingabeekin hezkuntza-prozesuak indartzea, BELDUR BARIK programaren bitartez eta herrian bultzatutako beste ekimen batzuen bidez.
  • Lasarte-Oriako udalerrian etengabeko hobekuntzako prozesu batean abian jarritako neurrien efikazia ebaluatzea Berdintasuneko Kontseiluak.

Zero tolerantzia errepikatzen dugu emakumeenganako edozein ekintza bortitzen aurrean, haren intentsitatea gorabehera. Desberdintasunean eta indarkeria matxistan ez dago mailarik".