"Palestina askatu", "Israel, boicot", "Israel hiltzaile, Europa laguntzaile" eta antzeko oihuak egin dituzte mobilizazioak iraun artean. Palestinako bandera ugari eta zapi palestinarrak zeramatzaten partaideetako askok. Aldarria zabalago azaldu dute Okendora iritsi direnean. Lehenik, adierazpen bat irakurri dute elebitan, eta ondoren, Tamer Birawik hartu du hitza.
Deitzaileek bi eskaera oso zehatz egiteko mobilizatu direla gogoratu dute: "amai dadila Gazako herritarrak jasaten ari diren genozidioa eta aska dezatela Palestina". Komunikabideek eta berri agentziek Hamasen aurkako gerra dela esan arren, israeldar ejerzitoak ospitaleak, eskolak ea bestelako azpiegitura zibilak suntsitzen eta herritarrak hiltzen ari dela gaitzetsi dute. "Orain arteko datuak beldurgarriak dira: gutxienez, 5.000 adin txikiko, 700 adineko, 200 osasun langile eta 60 kazetari erailda, 32.500 lagunetik gora zauritu, Nazio Batuen 50 egoitza suntsituta, 26 ospitale zerbitzuz kanpo eta 270 eskola hondakin bihurtuta".
Sionismo eta inperialismoaren ondorio horiek nazioarteko komunitateak onartzen duelako ari dela gertatzen azaldu dute, "ez onartu soilik, baita elikatu ere". Mendebaldeko herrialdeen "hiprokresia" eta "giza eskubideak nola ulertzen dituzten", agerian gelditu dela nabarmendu dute, Ukrainara dirutza eta armak bideratzen dituzte Errusiak inbaditu duelako, eta, aldi berean, Israel babesten dute Palestina inbaditzen ari den bitartean. Halaber, palestinarren lurren kolonizazioa laguntzen dutela zenbait euskal enpresek, "milioika euroko negozioa eginda". Horietako batzuk dira CAF edota genozidioa gauzatzeko hornikuntza militarra eskaintzen duten Dassault, Turbomeca, ITP, Aernova eta Sapa. "Argia da Mendebaldearen hipokresia eta gu horren aurka gaude. 'Gure izenean, ez duzue egingo!".
Abian den lau eguneko su-etena nahikoa ez dela adierazi dute eta 1948tik israeldarrek eragindako genozidioa ez dutela ahaztuko eta behar den guztietan aterako direla kalera.
Erakundeei beren eskaerak errepikatu dizkiete:
1. Israelgo gobernuari exijitzeko bat-bateko eta baldintzarik gabeko su-etena, euren tropak Gazaren inguruko lurretatik aldentzea eta blokeoa amaitzea.
2. Israelekin harreman diplomatiko, politiko, militar, komertzial, ekonomiko eta kulturalak etetea.
3. Israelgo Estatura bideratzen diren armak enbargatzea.
4. Gerra krimen eta gizateriaren aurkako kiremengatik epaituak izan daitezen Israelgo Estatua eta bertako agintariak Nazioarteko Justizia Gortera eramatea.
5. Gizarte mailan Israelen aurkako boikot, zigor eta desinbertsio kanpainak sustatzea. Eta espresuki, Euskal Herriko enpresek Estatu israeldarrarekin dituzten harreman ekonomiko eta komertzialak bertan behera utz ditzaten bultzatzea.
6. Israelek nazioarteko bankuetan dituen funtsak berehala izoztea.
7. Israeli palestinar lurren okupazioaren amaiera eskatzea.
"Nahi naturala"
Amaitzean, Tolosan bizi den Birawi palestinarrak hitz egin du. Euskaraz esan ditu lehen hitzak eskerrak emateko partaideei eta askatasuna lortzeko 80 urteko borroka irabaziko dutela sinetsita dagoela berresteko. "Guk eskatzen dugu bizitza normala gure lurrean, horregatik gure proiektua eta nahia da naturala. Sionismoaren proiektuak eta asmoak ez dauka etorkizunik".
Ondoren gaztaniaz azaldu du zein den palestinarren nahia eta Israel babesten duten herrialdeak estatu hori sortzeko proiektu historikoaren parte direla zehaztu du. "Polizia bat da Ekialde Hurbilean kokatua Europako kolonialismoa iraunarazteko". Genozidioa eta hilketa Israelek sorburutik baliatu duela gogoratu du, "ez da berria, Historia liburuetara joan besterik ez duzue". Erresistentzia gaitasuna goraipatu du "guretzat oso sinbolikoa eta garrantzitsua da. Horrek esan nahi du gauzak Palestinan Ekialde Hurbilean eta seguru aski munduan aldaru egin direla. Gazako gerra, Palestinaren gerra, inperialismoaren aurkako gerra da. Nazioarteko Harremanen baldintzak aldaraziko ditu".
Eskerrak eman dizkie palestiarren borroka justutzat dutenei eta Israelgo Estatuaren bide bakarra hura desegin eta herritar guztientzat eskubide berak izango dituen Palestina bat sortzea da.