Okendo plazan biribilean jarri eta Pili Kastresanak irakurritako adierazpena entzun dute mobilizazioan parte hartu duten lagunek. Urrian aurkeztutako Giltza manifestua hedatzen ari direla gogoratu du eta euskal gizartearen aldetik atxikipenak batzen ari direla.
Horretan lanean jarraitu eta salbuespenezko legeriarekin amaitzeko beharra plazaratu dute beste behin. Izan ere, egunotan hiru presok hirugarren graduaren erregresioa pairatu baitute, espetxera bueltatuz. "Berriro oztopatu dute presoak etxera itzultzeko aspaldi hasi zuten bidea eta, berriz diogu, lege arruntak ez duela esaten presoek azken egunera arte behar dituztenik zigorrak espetxe barruan”. Hala ere, "nahi baino mantsoago", baina aurrera doazela nabarmendu dute, “euskal gizartearen bultzada fruituak ematen ari da zalantzarik gabe”.
Aldarrikapenerako hitzorduetako bat abenduaren 10ean ospatuko den Giza Eskubideen Nazioarteko Egunari lotuta gauzatuko dute. Abenduaren 9an salbuespen-politikaren gaitzespena eta “euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen defentsa” aurten Durangoko Azokara eramango dute. Goizean zehar Sarek Kultur Giltzak ekimen parte hartzailea burutuko du, eta amaitzeko, Landako ondoko tximiniaren alboan argazki herritarra egingo dute. Abenduan zehar beste ekintza batzuk ere egingo dituzte.
Horren aurretik, astearte eta asteazkenean, hilak 28 eta 29, Sara Fernandez eta sakabanaketaren eraginez hildako beste 15 biktimak modu ofizialean aitortuak izan daitezen Sara Gogoan eta Iruñeko hainbat kultur eta gizarte eragilek urratsak ematera deitu dute. Halaber, ostegunean, hilak 30, greba feministarekin bat egingo dute Sarek eta Etxeratek. "Egun, 21 euskal preso emakume daude. Zaintza eskubide kolektiboaren aldeko proposamen honetan, emakume presoek pairatzen duten zigor sozial, pertsonal eta penalaz mintzatu behar da berriro ere. Eta presoen zaintzaren ikuspuntutik, espetxea tarteko, zaintza lanak emakumearen bizkar suertatzen dira beti ere", amaitu du.