Jaiotzen 30. lehiaketa iragarri du Danok Kide Guraso Elkarteak

Txintxarri Aldizkaria 2023ko aza. 24a, 16:00

Gabonetan murgilduko gara konturatzerako, eta Danok Kide Elkarteak Jaiotzen 30. Lehiaketa aurrera eramango du. Bertan parte hartu nahi dutenek, zenbait oinarri hartu beharko dituzte kontuan; 6 urtetik gorako herritarrek parte har dezakete, eta, lanak abenduaren 21ean eta 22an entregatu beharko dituzte elkarteak Blas de Lezo kalean duen egoitzan. Sariak, berriz, abenduaren 30ean banatuko dituzte, eguerdian, aipatu leku berean

Lehiaketaren oinarriak

  1. Jaiotzek 80x60 zentimetrokoak izan behar dute asko jota. Hondo sendoa duen egiturarik ez dute onartuko antolatzaileek, eta noizbait beste lehiaketaren batera aurkeztutako lanik ere ez. 
  2. Banaka nahiz taldeka parte har dezakete herritarrek. Norbanako edo partaide multzo bakoitzak jaiotza bakar bat aurkeztu ahalko du.
  3. Gutunazal itxi bat entregatu beharko dute jaiotzarekin batera. Kanpoko aldean adina idatzi behar du partaideak, eta barrukoan, izen-abizenak, telefono zenbakia eta helbidea.
  4. Aurkeztutako lanak kalitate nahikoa ez dutela ondorioztatuz gero, epaimahaiak saririk gabe utz ditzake kategoriak.
  5. Banakako parte hartzaileek, zein taldekakoek lan bakarra aurkez dezakete.
  6. Jaiotzak 2023ko abenduaren 21ean, ostegunarekin, eta 22an, ostiralarekin, entregatu behar dira, Blas de Lezo kaleko 11 eta 13. zenbakian, 17:00etatik 19:00etara. 

Parte hartzaileak eta sariak

Partaideak lau kategoriatan banatuko dituzte: 6 eta 9 urte artekoak (A kategoria), 10 eta 13 urte artekoak (B), 14 eta 17 urte artekoak (C) eta 18 urtetik gorakoak (D). Danok Kideko kideek zehaztu dutenez, aurkeztu ostean onartua izan den jaiotza bakoitzaren egileak 15 euro jasoko ditu. Multzo bakoitzeko garaileek sari hauek jasoko dituzte:

  • A kategoria: lehenengoak, 70 euro eta garaikur bat; bigarrenak, 50 euro eta trofeo bat.
  • B kategoria: lehenengoak, 80 euro eta garaikur bat; bigarrenak, 60 euro eta trofeo bat.
  • C kategoria: lehenengoak, 100 euro eta garaikur bat; bigarrenak, 70 euro eta trofeo bat.
  • D kategoria: lehenengoak, 130 euro eta garaikur bat; bigarrenak, 100 euro.

Danok Kide elkarteko lagunek lasarteoriatar guztiak animatu dituzte lehiaketan parte hartzera. Saritutako jaiotzak Muebles Azpeitia dendan jarriko dituzte, eta gainerakoak, San Pedro parrokian.