Imanol Lizardi oroituko dute, abenduaren 3an, Euskararen Egunean

Txintxarri Aldizkaria 2023ko aza. 23a, 13:42

Euskararen Egunarekin bat eginik, Imanol Lizardi euskaltzale lasarteoriatarra omenduko dute. Herrian egindako lanaren trukean jasoko du aintzatespena. Hura ezagutzen zuten herritarrak ekimenera joan daitezen deitu dituzte antolatzaileek 

Sei hilabete igaro dira Imanol Lizardi euskaltzale lasarteoriatarra zendu zenetik, eta, orain, Euskararen egunarekin bat eginez, udalak, Earra bertso-eskolak eta Ttakun Kultur Elkarteak bertso saio bereizi bat antolatu dute bera omentzeko. Andoni Egaña eta Ane Labaka bertsolariak arituko dira oholtza gainean, eta Mailu Arruti arduratuko da saioa gidatzeaz. 

Horren guztiaren berri eman dute antolatzaileek prentsaurreko bidez, eta bertan izan dira, besteak beste,  Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Batzordeko lehendakari Jon Antxordoki eta lehendabiziko lehendakaria izan zen Pello Sasiain; egungo Euskara batzordeko teknikari, Iñaki Arruti ere bertan izan da. Beraiekin batera, agerraldian izan dira baita ere Earra bertso eskolako Joxe Kruz Labaka eta Ttakun KEko lehendakari Mari Karmen Ormazabal.

Sasianek eta Antxordoki azaldu duten modura, Imanol Lizardi "bidaide" izan du udaleko Euskara Batzordeak 1986. urteko sorreratik hasi eta 2016ko Irten armairutik  izenburuko Euskararen Maratoi gogoangarrira arte. Ttakuneko ordezkariek ere Imanol Lizardik Lasarte-Oriako euskalgintzan egindako lana azpimarratu dute, besteak beste, kultur elkarte horren sortzaileetako bat izan zelako.

Amaitzeko, Joxe Kruz Labakak bertso saiora joateko deia egin die Imanol ezagutu zuten guztiei eta ekimen bereizi horretaz gozatu nahi duen edonor ere bertara dadin deitu du. Izan ere, bertsolari profesionalen parte hartzeaz gain, herritarren eta lagunen emanaldiek ere osatuko baitute saioa. Ohiko bertso saioez gain, bertso jarri musikatuak ere izango dira, bertsolari diren eta izan diren herritar eta lagun zahar zein gazteek emanak.

Arestian aipatu bezala, hitzordua abenduaren 3an izango da, 18:00etan kultur etxeko auditorioan. Sarrera doakoa izango dela jakinarazi dute antolatzaileek.