Arratsaldeari hasiera emateko, taldeko gaztetxoenek denboraldiko lehen txapelketari egin zioten aurre.
2015ean eta 2014an jaiotako haurrek 50 m, estilo libre proba eta bizkar estiloko 6x25 m. errelebo mistoa izan zituzten. Guztira adin tarte honetako bederatzi haur aritu ziren Andoainen. Ostean, B kategoriako benjaminak – 2013 urteko gaztetxoak – aritu ziren lehian. Buruntzaldea IKTko lau kirolarik parte hartu zuten multzo horretan eta lauak bizkar estiloko probaz gain, 100 m. libreko saioa burutu zuten.
Guztiek ondo igeri egin zutela nabarmendu dute igeriketa taldeko prestatzaileek. Adin horietan estiloak ikasi eta menperatzeari eta arautegia barneratzeari garrantzia ematen diotela azpimarratu eta hori kontuan izanik, "guztiek lan bikaina" egin zutela adierazi dute igeriketa taldeko arduradunek.
Markak ondu
Txikiak amaitu eta taldeko hamar alebinek ligako bigarren jardunaldia lehiatu zuten. Oinarrizko bi probetan igeri behar izan zuten igerilari guztiek: 200 m. estilo libre eta 100 m. bular proba. Horrez gain, neskek 4x100 m. libre erreleboan ere parte hartu zuten.
200 m. estilo libreko proba zailean "beldurrik gabe eta ausardiaz egin zuten igeri" Buruntzaldea IKTko kideek eta Itxaso Iparragirrek, esate baterako, alebin mailako Gipuzkoako txapelketarako gutxieneko marka (02.49,57) egin zuen. Ez zen hori taldeko gutxieneko marka bakarra izango. Lehen proba jokatu eta hogei minutura 100 m. bular proban, Amy Y. Sanchezek (01.53,22) eta Iparragirrek berak (01.42,59) lortu zuten proba horretarako txartela.
Hasiberriek 50 m. libre proba ere egin behar izan zuten eta Lier Garmendia taldekidea nagusi izan zen.
Jardunaldia erreleboarekin amaitu zen. Itxaso Iparragire, Aiala Erro, June Apeztegia eta Aizpea Barcinak laugarren postua eskuratu zuten. Iparragirrek, gainera, gutxieneko berria eskuratu zuen, 100 m. librekoa. Amy Y. Sanchezek Igartza eta Ordiziako igerilariekin batera egin zuen laukoa.
Eskertza
Buruntzaldea IKTk eskerrak eman nahi dizkie bi jardunaldiak aurrera eramaten lagundu dieten taldeko kide eta senideei.