Ederki borrokatu arren, Kadete Errendimendu Urrea taldeak ezin izan zuen ZAST Kuraye garaitu

Txintxarri Aldizkaria 2023ko aza. 22a, 13:30

Neurketa zaila zuen Ostadar SKTko Kadete Errendimendu Urrea taldeak ligako jardunaldian. ZAST Kuraye taldea izan zuen aurrez aurre Maialen Chourraut kiroldegian eta 30-44 galdu zuen

Zarauzko taldeak ez du partidarik galdu denboraldi hasiera honetan eta maila handia ari da erakusten. Hala ere, Jonatan Reinoren jokalariek ez zuten borrokatu gabe amore emango, gainera bigarren sailkatua gainditu berri zuen etxeko taldeak.

Partida berdindu hasi zen, baina defentsa huts batzuek zarauztarrak 8-0 aurreratzea ekarri zuen. Talde urdin-beltzak ongi erantzun zuen, ordea. Defentsa berregin eta aldea sei puntutara jaistea lortu zuen. Bigarren laurdenean jokalari txandakatzeari esker defentsa irmoa lortu zuen etxeko taldeak; tamalez, erasoan ezin aurrera egin aurkitu zen. Baina aurkariak ere arazo bera aurkitu zuen eta 1-4ko partziala izan zen.

Atsedenaren ostean, laurdena irabaztera atera zen Ostadar; defentsa mantendu eta erasoan ere baloia mugitzea lortu zuen. Etxekoak ederki ari ziren jolasean.  Ondorioz, errenta murriztu eta bi puntura geratu ziren kadeteak. Azken hamar minutuak hastean, intentsitate handiko jokoa izan zen; zarauztarrek hiru hiruko egin eta Ostadarrek erantzun modura bat egin zuen. Halabaina, pixkanaka kanpotarrek puntuak lortu eta hamar puntuko aldea ireki zuten. Etxeko jokalariek esfortzuarengatik nekea sentitzen hasi ziren eta saiatu arren, ezin izan zuten garaipena etxean utzi. Azken ematza 30-44 izan zen.

Emaitza aldeko izan ez arren, pozarren dago kadeteen entrenatzailea egindako lanarekin: “Taldearen maila ondu da, lehiatzeko eta edozein talderi irabazteko moduan gaude”. Kadeteak playoffa jokatzeko birtualki sailkatua dira eta bertan borrokatzeko gogoarekin daude. “Lanean jarraitu behar dugu. Joko sisteman moldaketak egin behar ditugu eta partidaz partida ontzen joan”, adierazi du Reinok.