Texas Lasartearrako erregionalak aurkako emaitzari itzulia eman zion

Txintxarri Aldizkaria 2023ko aza. 22a, 12:30

Texas Lasartearrako Erregional I. mailako taldeak Usurbil FT B izan zuen aurrez aurre hilaren 18ko jardunaldian, Michelin kirol gunean. Talde urdin-zuriak ederki borrokatu behar izan zuen emaitzari itzulia emateko eta 4-2 irabazi zuen

Lehen zatian Texas Lasartearra nagusi izan zen. Eraso arriskutsu ugari sortzeko gai izan ziren, baina Yonatan Monroyren jokalariek atea aurrean ez zuten asmatu. Ondorioz, husna iritsi ziren atsedenaldira.

Bigarren zatia lekuz kanpo hasi zuen etxeko taldeak eta bi hutsez baliatuz, Usurbilek estutasun larrian jarri zuen etxeko taldea, 0-2. Talde urdin-zuriak ez zuen amore emango, ordea. Texasek aldaketak egin eta "aire freskoa" sartu zen zelaira. Horri esker, lau gol jarraian egin zituen partidaren emaitzari itzulia emanaz. 

Garaipena lortzeagatik pozarren dagoen arren, Texaseko prestatzailea ez dago konforme emaitzarekin: "Gure jarrera oso ona izan zen eta ongi erantzun genion egoerari. Baina haserre nago; ez baikenuen golik jaso behar". 

Lesioekin arazoak

Garaipen horri eta denboraldi hasierako emaitza onei esker, Texas Lasartearrako Erregional I. mailako taldea laugarren multzoko hirugarren postuan dago egun. "Egia da kale egin behar ez genuen neurketaren batean ez dugula esperotako emaitza izan, baina ongi goaz," adierazi du talde urdin-zuriko arduradunak. Izan ere, Erregional I. mailako taldearen helburua lehen postuengatik borrokatzea da. "Igoera fasean egon nahiko genuke txapelketa horretaz gozatzeko, baina astez aste joan behar gara," onartu du Monroyek.

Eta horretarako erregionaleko jokalariak lanean ederki ari direla eta kirol elkartearen babes osoa duela jakitera eman du entrenatzaileak. 

Tamalez, lesioen ondorioz taldea osoa ez duela onartu du: "Zortzi jokalari minduak ditut, batzuk epe luzeko susperraldia dute eta urtarrilerako baten bat zelaira itzuliko denaren esperantza dut. Oso zorte txarra izan dugu denboraldi hasiera honetan".

Hala ere, arestian aipatu moduan, astean astekoari begira dago urdin-zurien prestatzailea eta Tolosa du orain buruan: "Hurrengo asteburuan, Tolosara irabaztera joan behar dugu. Neurketa serioa egin eta atea hutsean utzi".