'J' hizkiduna izango da aurtengoa!

Txintxarri Aldizkaria 2023ko aza. 21a, 18:52

Jaizaleak, jostariak, jakintsuak, jatunak, jeniodunak... J hizkidun pertsonen eguna ospatzera deitu ditu herritarrak, Jalgune elkarteak. Abenduaren 2an izango da hori, larunbatarekin. 18:30ean hasiko da, eta bertaratu nahi dutenek, gonbidapenak eskuratu beharko dituzte

Urtero lez, Aniztasun Funtzionala duten Pertsonen Naziorteko Egunaren harira (abenduaren 3a), jaialdia aurrera eramango du Jalgune elkarteak. Abenduaren 2an egingo dute ekimen hori, Manuel Lekuona kultur etxean, eta, ohi bezala, gonbidatu ugari izango dira, elkarteko kideekin batera, oholtza gainean.

J hizkidun pertsonen eguna ospatuko du aurten Jalgune elkarteak bere XVII. jaialdiarekin; hala azaldu dute bertako kideek, hitzorduaren berri emateko prentsaurrean egin duten agerraldian. 

Jaia gustuko dutela azaldu dute, eta ezpiritu gaztea dutela ere nabarmendu dute; jende gaztea edo gazte jendea direla. Horrekin, batera, kontatu dute, zenbaitek esaten dietela "jargoi berezia" dutela, tarteka ez dituztela ulertzen, eta noiz edo noiz, izan da buruko mina eragiten diotela adierazi dienik ere. Gaineratu dute, horrelako jokaerek, eurei ere buruko mina eragiten diela. 

Justuak izatea da taldekideen beste nolakotasun bat, edo, hala izaten saiatzen dira behintzat. Hala azaldu dute, eta, aitortu, justuak ez diren gauzengan pentsatzeak eta horiek aldatzen saiatzeak "min dezente" eragiten diela. Ohartzen dira, ordea, "bizitzaren jokoaren parte" dela hori, eta eurak bertako "parte hartzaileak" direla: "Jokozaleak, jostariak, jokalari onak eta txarrak gara". Aitortu dute, jokoan irabaztea gustuko dutela, baina gehien gustatzen zaiena. jatea, hau da, jokatzea. Eta, noski, hori konpainia onean bada, ezin hobeto: "Zorionez, Lasarte-Orian onena dugu. Herri jai zalea garela esan daiteke. J-dun herria gara beraz". 

"Juntu" ospatzera

Denek elkarrekin ospa dezaten nahi du Jalgune elkarteak, eta hori izan dadin, abenduaren 2ko jaialdira joan daitezen deitu ditu herritarrak. Baina elkarrekin hitzak J hizkirik ez duenez, juntu hitza erabili dute: "Jende jatorraren eguna juntu ospatzera animatzen zaituztegu". 

Agerraldiari amaiera eman aurretik, gogorarazi dute jaialdia kultur etxean izango dela, 18:30ean, eta, iragarri, Semblante Rociero koruko eta LOKE gimnastikako kideen laguntzak izango dutela aurten. Sarrera, ohi bezala, doakoa izango, baina bertaratu nahi dutenek, gonbidapena jaso beharko dute.