Txerri hiltzearen jaia ospatu dute asteburuan Extremadura Etxean

Txintxarri Aldizkaria 2023ko aza. 18a, 13:28

Txerriez gozatu eta hestebeteak egiteko aukera izan dute larunbat goizean Extremadura Etxera bertaratu direnek. Ostiraletik igandera luzatuko den egitaruaren barruan, animalia honen inguruan antolatutako ekimenak aurrera eramango dituzte. 

San Martin eguna pasata, asteburu hau VII. Txerria Hiltzearen jaia ospatzeko aukeratu dute Ama Guadalupe Extremadura Etxeko kideek. Ohi bezala, ostiral arratsalean Berrobiko hiltegian zerria hil ondoren, larunbat goizean zatikatu egin dute Sasoetako egoitzan, eta lortutako piezetako batzuk terrazan ikusgai jarri dituzte. Horietako asko gaurko eta biharko otorduetako protagonistak izango dira. 

Goizetik hasi dira, ordea, sukaldean lanean. Txerrikiak eta bestelakoak prestatzen lan eta lan aritu dira su artean, hamaiketakoa egitera bertaratu direnek nahi beste jan zezaten. Indarrak hartuta, beste batzuei heldu zaie lanean hasteko unea. Odolkietarako osagaiak nahastu, txorizoak egiteko sokak moztu eta hesteak busti dituzte. Dena prest zutenean, lehen hestebeteak egiteari ekin diote. Orea makinan sartu, eta poliki-poliki bete dute. Luzera nahikoa zutenean, moztu, eta sokekin lotu ditu beste kide batek. Gero, ziztatu eta lehortzen jarri dituzte terrazako aterpean zintzilikatuta.

Goizeko lanei ordaina bazkalorduan helduko da, txitxirioak sakramentuekin eta meloia jango baitituzte. Jarduerek arratsaldean eta igandean ere jarraituko dute.