Iparraldeko eta hegoaldeko doinuetan barrena bidaia

Txintxarri Aldizkaria 2023ko aza. 18a, 22:10

Zero Sette orkestrak antolatutako XX. Lasarte-Oria Akordeoi Jaialdian, Claudio Constantini bandoneon jotzaile perutarrak eta Expressio Dúo akordeoilari bikoteak parte hartu dute. Bi ordu luzeko saioan, estiloak, erritmoak eta garaiak nahasi dituzte. 

Bandoneona Argentinarekin lotu ohi da, bereziki, tango doinuak gogora dakartzalako. Hala ere, Claudio Constantini perutarrak bere emanaldian azaldu zuenez, musika tresnak jatorri alemaniarra du. Halako baten hauspotik beste alemaniar ezagun baten obren egokitzapenak atera zituen: Johann Sebastian Bach. 

Ordubeteko emanaldia musikariak berak egindako La Chacona obraren transkribapen eta egokitzapenarekin hasi zuen Constantinik. Aurrean zituen atriletan jarritako partiturak jo zituenean, altxa, txalo zaparra da jaso, eta hitz batzuk esan zizkien bertaratutako 80 bat ikus-entzuleei.

Jarraian, Carlos Gardelen Volver, Astor Piazzollaren Adiós Nonino eta berak idatzitako Eternal piezen txanda izan zen. Eta amaitzeko, hasierara bueltatu zen, Bachen Toccata eta fuga ezaguna eskaini zuen. 

Eszenarioa utzi eta Ainhoa Aiertza aurkezleak Expressio Duo bikoteari buruzko zenbait datu eman zituen. Maria Zubimendi de la Hoz eta Garazi Navas Mundiñano akordeoilariek hainbat dantzaren erritmora Pirinioetako mugaren alde batera eta bestera bidaia egin zuten, barrokoko aireetatik euskal aireetara. Lully, Rameau, Aita Donostia eta Guridiren obrak jo zituzten, gehiegi luzatzeko beldur edo, txaloetarako ere etenik egin gabe piezen artean. Guridiren Ezpata Dantzaren aurretik hitz batzuk esan zituen kideetako batek, sentipen horren ildotik, eskerrak eman zizkien ikus-entzuleei saio luzea izan arren bertan jarraitzeagatik. 

Beraien errepertorioa osatuta, ohi bezala, elkarrekin aritu ziren hiru musikariak. Piazzollaren Five tango sensations konposizioko Fear (beldurra) zatiaren egokitzapena interpretatu dute.

Ondoren, Agustin Valdivia alkateak eta Anne Ugarteburu kultura batzordeburuak oroigarri bana eman zieten jaialdian parte hartu izana eskertzeko.

Erlazionatuak