Berpizkunde garaiko doinuak eta hitzak Musika Topaketen saioko ardatza izan dira

Txintxarri Aldizkaria 2023ko aza. 17a, 21:21

Danok-Kide elkarteak antolatutako XVIII. Musika Topaketen barruan, Zaria Koru Eskolak Come again kontzertua eman du Ama Brigitarren komentuan ostiral arratsaldean. Berpizkunde garaiko musika eta William Shakespeareren testuak uztartu dituzte emanaldian, bi maitasun istorio oso bestelakoen berri emanez.

Komentuko kapera bete dute herritarrek ostiral arratsaldeko emanaldiaz gozatzeko. Lehen ilarako jarlekuak hutsik zeuden eta haietan ez esertzeko oharrak zituzten. Haien aurrean zain zegoen Felix Garitano, saioa hasteko ordua noiz iritsi zain. Bera izan da hitza hartzen lehena, ongietorria eman die bertaratutako guztiei, eta Danok Kide elkarteko Jesus Mari Egizabali utzi dio lekua gauza bera egin zezan. 

Zeharkako txirularen doinuak lagunduta sartu dira Zaria eta Zariagaz abesbatzetako kideak, 40 ahots mixto baino gehiago dira. Imanol Elizasuk zuzenduta, XV-XVI mendeko polifonia errenazentistako hamalau pieza abestu dituzte, garai berean girotutako Shakespeareren piezatxo batzuen antzezpenak zipriztinduta.

Abeslarietako bost bufoiaren eta beste lau pertsonaiaren azalean jarri dira Aitor Gabilondo aktorearen gidaritzapean. Bufoiak kokatu du Much Ado About Nothing obran oinarritutako istorioa. Siziliako Mesina hirian bizi dira lau protagonistak: Beatrice eta Benedito, aitortu ez arren, elkar maite duten bi gazte, eta haiek elkartu nahi dituen Herok eta Claudiok osatutako bikote zoriontsua. Zenbait kantaren artean, taldekideak utzi, lehen ilarako jarlekuetara aurreratu (edo igo), eta bi bikoteen gorabeheren eszena laburrak antzeztu dituzte. 

Ordubetez luzatu den saio berritzaile eta berezia txalo artean amaitu dute. Errepertorioa honakoa izan da:

  • Hoy comamos y bebamos, Juan de la Encina
  • Tan que vivray, Claudin de Sermisty
  • Ecce quomodo moritur justus, Jaobu Gallus
  • Il este belle est bon, Pierre Passerau
  • Come again, John Dowland
  • O bone Jesu, Juan de Anchieta
  • O vos omnes, Tomás Luis de Victoria
  • Fyer fyer, Thomas Morley
  • If you love me, Thomas Tallis
  • Crucifixus, Antonio Lotti
  • Luci serene et chiare, Carlo Gesualdo
  • Sicut cervus, Giovanni Pierluigi da Palestrina
  • Matona mia cara, Orlando di Lasso
Erlazionatuak