Aurtengo olerki eta kontakizun onenak saritu dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2023ko aza. 18a, 13:20

Lasarte-Oriako Udalak antolatutako literatur lehiaketetako aurtengo sariak banatu dituzte eguerdian Manuel Lekuona kultur etxeko hitzaldi aretoan. Ohiko gidoia jarraituz egin duten ekitaldian,  aintzatetsiak izan diren idazleek euren ahaleginari aitortza jaso dute. Guztira, 331 literatur lan aurkeztu dira aurten.

Hitzaldi aretoko aulkiak betetzen joan dira sari banaketa hasi aurreko minutuetan. Lehen ilarakoetan, udal ordezkariak eseri dira, hurrengoetan, sarituak eta haien senide edota lagunak, eta aurrez aurre, Agustin Valdivia alkatea, Anne Ugarteburu Kultur batzordeburua eta Xabier Urruzola. 

Agur hitzei ekiteko, poema bat aukeratu ohi du alkateak. Egungo testuinguruari keinu eginez, Blas de Otero poeta bilbotarraren Pido la paz y la palabra aukeratu du. Frankismo garaiko zapalketa eta indarkeria salatu zituen de Oterok bere poesia sozialarekin, eta aipatu horretan askatasunez mintzatzeko eskubidea aldarrikatu zuen , baita "komunikatzeko, sortzeko eta eraldatzeko tresna gisa" hitzak duen balioa ere.

Ildo horretatik partaideen ahalegina nabarmendu du Valdiviak: "Ziur irudimen, emozio eta ilusio asko jarri dituzuela zuen lanean, eta ziur idazten asko gozatu duzuela. Idaztea adierazteko modu bat baita, pentsatzen dena, sentitzen dena, amesten dena kontatzeko modu bat". Egindakoa partekatu izana eskertu eta "hitzekin armatzen" jarraitzera animatu ditu, de Oteroren lerroa gogora ekarriz: "hitza gizakiaren arma boteretsuena da".

Lekukoa hartu dio Ainhoa Aiertzak Valdiviari eta saritutako lanetako batzuk irakurri ditu, Julen Goenagak jotako piano doinuak lagunduta. Zehazki, Boris Ignacio Rozas Bayonen Estado de gracia  eta Maialen Paris Perezen Buruak ez dakiena (bihotzak daki) poema sarituak, baita Claudia Acebes Miroren A veces las pesadillas están sobre la cama y no bajo ella mikrokontakizuna ere.

159 lan euskaraz

Irakurketa musikatuaren ondoren, Kultura eta Hezkuntza batzordeburu Anne Ugarteburuk hartu du hitza. Berak ere, idazle baten hitzekin hasi du bere txanda, Koldo Mitxelenak euskal kultura modernizatzeko eta mundua euskaraz adierazteko egindako gonbita jasotzen duen pasarte bat, hain zuzen ere. "Badakigu, behinik behin, Literaturak eta edozein kultura lanek, orobat, ez diola hizkuntza biziari suspertuko ez badu ere, mesede besterik egingo. Probetxuzko denez gero, beraz, ez dago egiteko hori besterentzat uzterik. Bestek ez badu landuko geurok lantzen ez dugunik”. Errenteriarrak nahi hori bere egin du zinegotziak. 

Lehen urtea du Ugarteburuk  eta aitortu du "atsegin handiz eta ilusio handiarekin" prestatu duela ekitaldia. "Zuen testuak gozatu ditut eta zuengandik asko ikasi dut. Benetan pozgarria izan da gure inguruan halako mailako irakurketak daudela ikusi ahal izatea". Azaldu duenez, orotara, 331 lan aurkeztu dituzte aurten, 172 gaztelaniaz  eta 159 euskaraz. Eskerrak eman dizkie partaide guztiei "zuek zaretelako lehiaketa hau posible egiten duzuenak eta lasarteoriatarren tradizioak herrian errotzen laguntzen duzuelako", hala nola, lehiaketa aurrera eramateko lan egin duten kultur etxeko langileei, epaimahaikideei, irakasleei eta gurasoei.

Xabier Urruzolak irakurri ditu irabazleen izenak eta diploma bana eman diete udal ordezkariek.

SARITUAK - LASARTE-ORIAKO HAUR ETA GAZTEEN XXXVI LITERATUR LEHIAKETA 2023

  1. A KATEGORIA: 2014an edo ondoren jaiotakoak
    • 1. saria: Xabier Auzmendi Artetxe, Etorkizunean galduta idazlana.
    • 2. saria: Danaya Milenova Stoyanova, Nikki eta bere ametsa idazlana.
    • 3. saria: Markel Garcia Arriba, Diana eta Martin idazlana.

  2. B KATEGORIA: 2011, 2012 eta 2013 urteetan jaiotakoak
    • 1. saria: Oier Jauregui Ormazabal, Denboraren menpe bizitzaren geldiera idazlana.
    • 2. saria: Lea Apaolaza Negeruela, Udaleko arraroa idazlana.
    • 3. saria: June Rodriguez Barbero, Itsasoaren ametsa idazlana.

  3. C KATEGORIA: 2008, 2009 ETA 2010 urteetan jaiotakoak
    • Euskarazko ipuina: Intza Arruti Manterola, Treneko neska idazlana.
    • Euskarazko poesia: Gari Iraola Hernandez, 15 minutu poema.

SARITUAK - LASARTE-ORIAKO XXXVII. LITERATUR LEHIAKETAK

  1. EUSKARAZ
    • Poesia
      • Lasarte-Oria Saria: Maialen Pari Perez lasarteoriatarra, Buruak ez dakiena (bihotzak daki).
      • 2007an edo aurretik jaioak: Cesar Rodriguez Maya lasarteoriatarra, Esperantza blai eginda.
    • Mikrokontakizuna: Gotzon Plaza Jaio bilbotarra, Ukitu.
      • Lasarte-Oria Saria: Ez da lanik aurkeztu.

  2. GAZTELANIAZ
    • Poesia
      • Lasarte-Oria Saria: Ez da lanik aurkeztu.
      • 2007an edo aurretik jaioak: Boris Ignacio Rozas Bayon valladolidarra, Estado de gracia.

    • Mikrokontakizuna: Gotzon Plaza Jaio bilbotarra, Ukitu.
      • Lasarte-Oria Saria: Ez da lanik aurkeztu.
      • 2007an edo aurretik jaioak: Claudia Acebes Miró zaragozarra, A veces las pesadillas están sobre la cama y no bajo ella.

Haur eta Gazteen Literatur Lehiaketako epaile izan dira Ane Labaka Mayoz, Idoia Garzes Aldazabal eta Lierni Rekondo Villaron. Literatur Lehiaketakoan, berriz, Felipe Juaristi Galdos, Karlos Linazasoro Izagirre eta Elisabete Tolaretxipi Lertxundik, euskarazko lan onenak hautatu dituzte; eta Marian Benitez Izquierdo, Mertxe Tranche Iparragirre eta Albert Vazquez Perezek gauza bera egiteko ardura izan dute gaztelaniaz idatzitakoekin.

Sariak banatuta, oroigarri bana eman diete Aiertza eta Goenagari. Alkateak hitza hartu du eskerrak emateko partaideei egindako lanagatik "zuek zaretelako lehiaketa hau edukiz eta zentzuz betetzen duzuenak", baita guraso eta irakasleei ere. "Espero dut, gutxienez, irakurtzeko arra suspertu izana" eta idazten jarraitzera gonbidatu ditu.