Egurrez egindako artelanak ikusgai jarri ditu Zurmailuk

Txintxarri Aldizkaria 2023ko aza. 17a, 18:49

Zurmailu Zurlanketa Elkarteko kideek egindako lanak ikusgai daude Mercero gunean. Ostiral arratsaldean egin dute irekiera ekitaldia egileen eta zenbait udal ordezkariren parte hartzearekin. Hilaren 26a arte dute herritarrek erakusketa ikusteko aukera.

Urtero bezala, Zurmailu Zurlanketa Elkarteko kideek egurra landuz egindako obrekin bete dute aretoa. Hormetatik zintzilik, mahai gainetan edo bira egiten duten atriletan jarrita, euren eskuen trebeziaren erakusgarri diren piezak daude.

Ikusgarriak eta bereziak, arretaz begiratuta, zenbat ordutako lanaren emaitza diren pentsarazten dute. Esaterako, aretoaren sarreratik gertu dagoen xake jokoa. Ñabardura txikiena ere badute Francisco Javier Peñak 10 urteko ilobarentzat egindako taulak, eta bereziki, piezek. Zuriak, baserritarrak, laia eskuan; beltzak, arrantzaleak, arrauna eusten. Edo aurrez aurre dauden Julian Beitiak eta Gerardo Zarzuelok zizelkatutako Picassoren Guernica ezagun bana. 

Atzean duten lanari buruzko azalpenak entzuteko aukera izan dute irekiera ekitaldian izan diren Agustin Valdivia alkateak eta David Mateos, Txus Alonso eta Nagore Duran zinegotziek; askariari ekin aurretik, obrak ikusi eta bertan zeuden kideekin hizketan aritu baitira.

Hilaren 26a arte ikusgai izango dira, astegunetan, 18:00etatik 20:00etara, eta asteburuetan, berriz, 12:00etatik 14:00etara.