Behobia-Donostia eta Arroitzeko trailean parte hartu dute herritarrek

Txintxarri Aldizkaria 2023ko aza. 17a, 13:45
Herritar eta korrikalari ugari izan zen Euskotreneko geltokian Behobiara joateko. Arg.: Isaac Farre Rico

20 kilometro dira Behobia eta Donostia artean daudenak, baina hilaren 12ko giro beroarekin bati baino gehiagori luzeago egin zitzaion lasterketa. 25.899 lasterkari eta patinatzaile bildu ziren Behobiako irteeran eta pixkanaka ibilbidean barrena zegoen ikusleen animoek hauspotuta Boulevarreko helmuga igaro zuten gehienek. Lasarteoriatarrak eta herriko taldeetako kideak ere izan ziren bai korrika baita patinen gainean ere

166 herritarrek izena eman bazuten ere, 160 izan ziren Donostiara iritsi eta amaitu izanaren domina jantzi zuten korrikalariak. Horien artean azkarrena Aloña Mendi taldeko Jon Presa herritarra izan zen; sailkapen orokorrean 34. izan zen. Presak 01.07.20 behar izan zituen lasterketa amaitzeko eta bere marka ondu zuen kirolariak. Lasarte-Oriako lehen emakumea, aldiz, Leire Centeno izan zen 01.35.19eko marka eginez. 

Patinatzaileak

Eta patinatzaileen lasterketan, aldiz, bi herritar izan ziren lehian. Lasarte-Oria Bai! kroseko garaile Ximon Villalobos izan zen lehena helmuga igarotzen. Irristaka taldeko kideak zazpigarren postuan (42.05) eskuratu zuen. 

Bigarren herritarra Juanan Alvarez izan zen. Ibilbidea 01.02.43 denboran egin zuen.

Beste probak

Lasarteoriatarrak ez ziren errepidean bakarrik lehiatu, Arroitzen (Nafarroa) kros trailean parte hartu zuten hilaren 11n Lasarte-Oria Trail Mendi Elkarteko (LOTME) David Garcia eta Iñes Aguado. Parte hartzaileek 23 kilometroko edo bederatzi kilometrotako probak egiteko aukera zuten. Garciak eta Aguadok distantzia luzeari egin zioten aurre eta lehenak 02.30.50 behar izan zituen helmugara iristeko; bigarrenak, aldiz, 03.10.41.

Aurreko asteetan ere, hainbat probetan izan dira herriko korrikalariak, hala nola, Beñat Elzo mendi lasterketan edo Errioxako trail serietako Camero Viejoko proban.