"Ezinezkoa da bizitakoa hitzetara ekartzea"

Maddi Zaldua 2023ko aza. 17a, 11:23

Andoni eta Garazi Iparragirre - Gero Axular dantza taldeko kideak

Euskal musika eta dantza tradizionalak erakutsi dituzte lasarteoriatar senideek, Txinan. Bi aste pasatxoko bidaia egin dute, eta horretan bizitakoak kontatu dituzte 

Txinako Taiyuan hiriko Xanshi probintzian aurrera eraman den Qingxu International Folk Art Festival jaialdian parte hartu du Donostiako Gero Axular dantza taldeak, eta bertako musikari eta dantzari dira Andoni Iparragirre Tolaretxipi (Lasarte-Oria, 1968) eta Garazi Iparragirre Martinez (Lasarte-Oria, 2004) aita-alabak. "Herri txiki bat" bezala aurkeztu diete bertakoek euren bizilekua, baina 5.000.000 biztanleko eremu batekin egin dute topo lasarteoriatarrek. Ez horrekin bakarrik, ordea. "Sekulako esperientzia" bizita itzuli dira etxera, "oso pozik" eta oraindik ere bizipen guztiak asimilatzeke. Bidaiaren berri emateko bildu dira TXINTXARRI aldizkariarekin.  

Nola sortu zitzaizuen bertara joateko aukera? Zein izan da aitzakia?

Garazi Iparragirre: Txinan bi festa nagusi ospatzen dituzte: Urte Berri Txinatarra, eta urriaren 1a, Txinaren Eguna. Azken horren harira aurrera eramaten duten jaialdian parte hartzera joan gara. 

Andoni Iparragirre: Gure dantza taldean lan asko egindakoak gara, emanaldi asko emandakoak, hortaz, taldea nahiko ezaguna dela esan dezakegu. Aurten hiru irteera egin ditugu azken honetara joan aurretik: Austriara, Txekiar Errepublikara eta Frantziara. 

Jaialdi handi horretan orain arte bertakoek baino ez zuten parte hartu, eta jakin genuen, aurten nazioarteko bihurtu nahi zutela. Esan ziguten bazutela bertan parte har zezaketen dantza talde batzuekin osatutako zerrenda, eta tartean zegoen gurea ere. 

G.I.: Frantzian izan ginenean, bertara etorri ziren txinatarrak, gure emanaldia ikustera. Gustuko izan zutenez, han bertan gurekin harremanetan jarri ziren, eta esan ziguten Txinan elkar ikusiko genuela. 

Poz handia izango zen zuentzat, ezta?

A.I.: Hasiera batean, gonbidapena ofizialki jaso arte ez genuen ezer esan. Gonbidapen gutuna jaso genuenean sinetsi genuen baietz, bagindoazela Txinara.  

Harrigarria da munduko zortzi talde parte hartzaileren artean bat gurea izatea. Hori, niretzat, izugarria izan da, eta dantza taldean lanean ari direnentzako zer esanik ez. Egiten dugun lanaren trukean jaso dugun opari handi bat izan da. Egiten ari garena ona dela sinistu eta bide horretan aurrera jarraitzeko oso baliagarria.

Zein datatan egon zarete Txinan? 

A.I.: Irailaren 27an abiatu ginen Euskal Herritik, eta urriaren 12an itzuli.

Nola antolatzen da horrelako bidaia bat?

G.I.: Abuztuan erabaki zen guztia. Lehenik eta behin, dantza eta musikaren plangintza bat egin zuten zuzendariek. Gero, hori zehaztuta, erabaki zuten zenbat entsegu egin behar genituen forma fisiko ona lortzeko, eta, noski, kalitatezko emanaldiak egin ahal izateko. Astean sei egunez entseatzen ibili ginen, bi orduz, egunero, musikariekin batera.

A.I.: Antolatzea errazena izan daiteke. Horrelako kasuetan falta izaten dena dirua da. Bidaia honen kasuan, ordea, ez da horrelako zailtasunik egon, izan ere, txinatarrek hartu baitute gastu guztia euren gain; guk ez dugu xentimo bakar bat ere jarri.

G.I.: Ezin dugu ahaztu Eusko Jaurlaritzaren laguntza ere. Txinara joan ahal izateko bisatua egitea ezinbestekoa da, eta horri dagokion gastuari erakundeak erantzun dio.

"Harremanak egin ditugu; Askotariko kulturak ezagutu eta horiez ikasi ahal izan dugu"

 

Eta zuen egunerokoari nola eragin dio guzti honek? 

A.I.: Zortea izan dugu. Inguruko jendeak, lantokian esaterako, badaki zer egiten dudan, eta dantza taldearekin dudan konpromiso bera agertzen dudanez lanarekin, inolako arazorik gabe onartu zidaten bidaia.

G.I: EHUko ikaslea naiz eta bertan bidaiaren berri eman nienean, ez zidaten inolako arazorik jarri. Ulertu zuten euskal kultura erakustera gindoazela, Euskal Herria ezagutaraztera eta ez da zailtasunik  egon.

Eta dagoeneko, etxetik nola begiratzen diozue han bizitakoari? Zer nolako esperientzia izan da? 

A.I.: 55 urte ditut, eta dantza taldearekin alde batera eta bestera ibilia naiz; nire bizitzako bidaia guztiak horri esker egin ditut. Urte hauetan guztietan, oihartzun handiko bidaia eta emanaldiak egin ditugu, baina Txinan bezainbesteko arrakasta ez dut orain arte bizitu. Jendeak gurekiko hainbesteko miresmena adieraztea harrigarria izan da. Zenbat aldiz esan ote diodan neure buruari 'hau nola da posible!'. 

G.I.: Niretzako ere izugarria izan da. Nik aitak baino dezente gutxiago bidaiatu dut, baina zertxobait ibili naiz dantza taldearekin eta esperientzia hau, sekulakoa izan da. 

Harreman asko egin ditugu beste taldeekin; askotariko kulturak ikusi, ezagutu eta horiez ikasi ahal izan dugu. Harreman estua egin dut, batez ere, Filipinako, Ekuadorko, eta Georgiako parte hartzaileekin, eta Mexikoko batzuekin ere bai. Gaur-gaurkoz eguneroko kontaktuan jarraitzen dugu, sare sozialen bidez. Lagunak egin ditut, eta horrekin guztiarekin geratzen naiz. 

Ezinezkoa da bizitakoa hitzetara ekartzea. 

Zuokin batera, zein beste taldek parte hartu du  jaialdian?

G.I.: Zortzi herrialdetako talde banak parte hartu dugu: mexikarrak, ekuadorkoak, frantziarrak bulgariarrak, georgiarrak, txinatarrak, filipinarrak eta gu, euskaldunak.

Zenbat emanaldi egin dituzue?

G.I.: Lehen hiru egunetan entseguak egin genituen, agertoki ezberdinetan. Jaialdia urriaren 1ean hasi zen, eta 7an amaitu.

Eta zer-nolako erakustaldiak izan dira. Zer erakutsi duzue?

G.I.: Ez ditugu bestelako gure emanaldietan egin ohi ditugun koreografiak erakutsi, izan ere, bidaietara joaten garenean, normalean, hemengoa erakustera joaten baikara. 

A.I.: Euskal Herriko tradiziozko dantza eta musikak ezagutarazi ditugu: Agurra, Alpargata, Ezpata-dantza, Txotxongilo, Uztai-dantza, Brokel, Makil handi, Zuberoa, Fandango eta Arin-arin eta Iparra izeneko banango bat ere bai. Azken hori nik sortua da, eta izenak gure abizenari egiten dio keinu. Zuberoa, adibidez, oso deigarria da ikuslentzat; dantzaria edalontzi gainera salto egiten ikusteak txunditu egiten ditu. 

G.I.: Dantza horrekin badugu anekdota bat, gainera. Edalontzia ardo apur batez bete behar izaten da, horren gainean salto egin behar izaten baita, eta dantza amaieran topa eginez edaten da edari hori. Bada, zailtasunak izan genituen hori guztia azaldu eta ardoa lortzeko, eta, azkenean, Coca-Cola jarri genion. Bide batez, kontatu, txinatarrez topa egiten ikasi dugula. Dantza horrekin amaierako topa emanaldia egiten ari garen lekuko hizkuntzan esaten baitugu beti; ganbei esaten da txineraz.  

"Bidaietara joaten garenean, hemengoa erakustera joaten gara"

Eta zer-nolako iritziak jaso dituzue? Nola sentitzen da euskal kultura Euskal Herritik kanpo? 

G.I.: Atzerrian, etxean baino askoz gehiago miresten dute gure kultura.

A.I.: Egia da Euskal Herrian badagoela bertako dantza eta musika maite duen jendea, hori ezin uka daiteke. Baina, Txinan, adibidez, bertako kulturari sekulako garrantzia ematen diotenez, kanpokoa ere izugarri miresten dute. 

Euskal Herrian kosta egiten da aretoa betetzea, eta, aldiz, atzerrira joaten garenean bete-beteta topatzen ditugu. Zergatik da hori? Bada, beraiek eurena bezainbeste baloratzen dutelako kanpokoa ere. Hemen pentsatzen da euskal dantzen eta musikaren erakustaldi bat betiko berdina dela. 

Gureak arreta handia deitzen du etxetik kanpo, hala nola, hanka nola altxatzen den, edo nola dantzatzen dugun makilak joz, edota kutxaren gainean egiten delako, eta abar. Gure musika instrumentuak ere deigarri izaten dira. 

Hori dantzei eta musikari dagokionean. Baina horrelako emanaldietan jantziak erakusteak ere badu bere garrantzia, ezta? Horiek ere  euskal kulturaren parte dira. 

G.I.: Ez gara ohartzen, baina gurea ez da soilik baserritarrarena. Kontuan hartzen ez ditugun bestelako jantziak ere baditugu, batak bestearekiko oso ezberdinak direnak, gainera. Horrela, kanpora bidaiatzen dugunean saiatzen gara horietatik guztietatik ahal bezain beste erakusten eta denak errespetatzen, zeren hori ere garrantzitsua baita. Iruditzen zait Euskal Herrian jantziak ondo, diren bezala, janzteak lotsa eragiten duela askotan, baina atzerrian beste begi batzuekin begiratzen dituzte.

Antolaketa egiterakoan ez da bakarrik dantzan eta musikan jarri behar arreta. Pentsatu behar da gure tradizioa erakustera goazela, beraz hori ondo erakutsi behar dugula, hau da, jantziak ondo prestatzea, eta horiek diren bezala errespetatzea ere garrantzitsua da

A.I.: Guk horrekiko badugu lelo bat: "Jantzi zaitez harrotasunez, baina ez harrokeriaz". 

Gogora ekarri dute emazte eta ama, Amaia Martinez Zamora, bera baita dantza taldeko jantzien arduradun, eta, baita hortik kanpo baserriatr jantziak egiten dihardu.

Ikusle multzo erraldoi baten aurrean erakutsi duzue zuen lana. 

A.I.: Hori ere harrigarria izan da. Zuzeneko lehen emanaldian, 290.000 pertsona joan ziren gu ikustera. Hori jaialdiaren eremuan, baina handik kanpo ere bildu ziren gehiago; inguruko eraikin altuetan eta kaleetan pantaila handiak jarri zituzten. Kopuru handi hori irudikatzea zaila da, baina, alderaketa bat eginez, Donostian 180.000 pertsona bizi dira. 

G.I.: Jaialdia aurrera eraman genuen eremua irekia zen. Laku baten aurrealdeko plazan zegoen oholtza. Bertara sartzeko segurtasun tornu batzuk pasa behar genituen. Bertan geundenoz gain, aitak esan bezala, aintziraren inguruan zeuden pantailei begira ere jendetza pilatu zen inguruan.

Eszenatokiaren beraren neurriak ere aipagarriak dira: 30 metro zabal eta 12 metro altu neurtzen zituen. Eta horren atzealdean ere, dimentsio beretsuko beste pantaila erraldoi bat zegoen. 

Eta nola jaso duzue agertoki gainetik pareko ikusle talde erraldoi hori. Sentitu duzue ikara eszenikorik?

A.I.: Nik esaten nion nire buruari, 'baina non gaude!'. Pentsa, inguruko eraikinetako pantaila erraldoietan ikusten genuen geure burua. Harrigarria, txundigarria izan da benetan. 

G.I.: Inoiz horrelako eszenatoki batean eta hainbeste ikusleren aurrean dantzatu gabe ginen; izugarria. Zeresanik ez dantzan ari ginen bitartean gu grabatzen ari ziren kamera kopuruaz; hamar bat aireko kamera ere uneoro aritu ziren emanaldia grabatzen. 

Txinako emanaldiaren aurretik egin genuen erakustaldia Donostiako Konstituzio plazan izan zen, pentsa zenbaterainoko aldea. Eta, aitortu behar dugu, guretzat aipatu leku horretan aritzea polit eta garrantzitsuenetakoa dela; ederra da espazio hori jendez beteta ikustea, baina Txinakoa...

"Zuzeneko lehen emanaldian, 290.000 pertsona joan ziren gu ikustera"

Imajina zenezaketen horrelako jaialdi batera zindoaztenik?

A.I.: Imajinatzea ezinezkoa zen. 

G.I.: Bidaiatu aurretik antolatzaileek bidali zizkiguten errealitate birtualeko argazkiak, non ariko ginen ikus genezan eta jaialdiaren eremua nolakoa izango zen ikusteko, baina horiek ikusita ere, ezin imajina genezakeen topatu genuena. 

Segurtasunarena ere deigarria izan da. Hotelean jasotzen gintuen autobusak egunero, eta joan behar genuen lekuraino eraman. Horiek kaleetatik pasatzeko, bideak itxi egiten zituzten gure segurtasunagatik. 200 bat polizia izan ditugu parte hartzaile guztiok zaintzen.

Zuen lana erakustera joan zarete, baina izan duzue turismorako tarterik?

G.I.: Bai. Bidaiaren azken hiru egunetan izan genuen horretarako aukera. Tenpluz betetako hiri batera eraman gintuzten, eta desfile bat egin genuen, eta dantza erakustaldia ere bai. 

Eta, orain baduzue beste ezer eskuartean? Beste bidaiaren bat agian?

A.I.: Zerbait beti dago. Datorren urterako eskaintzak baditugu, eta horiek baloratu behar ditugu. Gure dantza taldea handia da, eta saiatzen gara ahalik eta partaide gehien eramaten bidaietara. Txinaren kasuan, adibidez, helduak eraman ditugu, baina txikia eta adin ertainekoak ere baditugu.  200 bat dantzari eta 10 musikari gara, eta, noski, gurasoek ere osatzen dute taldea.

G.I.: Kide horiez gain, jende asko dabil atzeko lanetan ere. Jantziekin lanean ari direnak, sare sozialak astintzen dituztenak... Horien guztien jardunik gabe, gure lana ezinezko litzateke. Denok baluntario aritzen gara.