Lodifobia eta elikadura nahasmenduak izan dituzte hizpide

Txintxarri Aldizkaria 2023ko aza. 17a, 17:30

Azaroaren 25aren atarian, askotariko adineko herritarrentzako ekintzak antolatu ditu Lasarte-Oriako Udalak; horietako zenbait, herriko zenbait eragilerekin elkarlanean prestatu ditu. Eta iragarritako jardueren artean, Lodifobia eta elikadura nahasmendua mahai ingurua aurrera eraman dute, Mercero aretoan. 

Hiru hizlari gonbidatu dituzte gaiaz hitz egitera: Yolanda Iglesias ACABE Gipuzkoa elkarteko koordinatzaile eta psikologoa; Mijo Lizarzaburu militante transfeminista, filosofoa eta Euskal Herriko I. Jardunaldi Lodiak-en antolatzailea; eta, Maddi Etxeberria, nutrizionista eta anti dieta mugimenduaren aldarrikatzailea. Idoia Garces herritarra arduratu da saioa moderatzeaz. 

Iglesias izan da hitza hartzen lehena, eta elikadura jokabideen nahasmenduaz aritu da. Aipatu du itxura fisikotik harago doan termino bat dela, nahiz eta hori sufritzen duten pertsonen autoestimu maila, itxura fisikoarekin erabat lotuta dagoela nabarmendu duen. Kontatu du baita ere irakasleentzat eta osasungintzako langileetzat eskaintzen dituen formakuntza saioetan gorputz forma ezberdinak edukitzeaz hizketan hasten direnean "eztabaida handiak" sortzen direla: "Pentsa, uler daiteke pertsona bat anorexiaren ondorioz hiltzea, baina gorputz forma ezberdin bat duen pertsona zoriontsu izatea, aldiz, ulergaitza da". Honako adierazpen hau ere egin du: "Gorputza geure buruarekin, eta geure ingurukoekin harremantzeko modua da". 

Mijo Lizarzabururentzat, berriz, garrantzitsua da lodifobiaren gaia politizatzea, hala izan ezean, "arazo indibidual gisa" gizarteratzen delako hori. Iaz Gernikan (Bizkaia) antolatu zituen Euskal Herriko I. Jardunaldi Lodiak ekarri ditu gogora: "150 pertsona lodi batu ginen bertan, eta ohartu ginen gaiak indibidualetik ez duela batere". 

Lizaraburuk bere burua pertsona gizen gisa izendatzea "bortitza" egin zaio Iglesiasi, hala adierazi dio, eta azaldu, horren zergatia: "Gizentasuna termino kultural bat da, beraz, lodia izatea zer den eta zer ez zehazten ari gara. Nire egitura mentalean ez dira kabitzen gizen eta argal terminoak, askotariko formetako gorputzez hitz egiten dut nik. Niretzat, pertsona batek bere burua gizen gisa definitzea biolentoa da". 

Lizarzaburuk erantzun dio "irainaren birjabetze bat" egiten ari direla: "Zeure burua gizen kategoriatik erabat urruntzen bazara, lodifobia dutenei erreminta oso indartsu bat ematen diozu, adibidez, etxera irainarekin minduta negarrez joan zaitezen. Aldiz, pertsona lodi gisa aldarrikatzen duzunean zeure burua, irain hori desaktibatzen duzu, eta birdefinitzen duzu". 

Nutrizionista eta anti dieta mugimenduko kide Etxeberriak hitz egin du gero, eta, azpimarratu du "espazio gutxiago betetzearekin itsutu" garela: "Funtzionatzeko gasolina behar duen auto bat izango bagina bezala jokatzen dugu elikadurarekin, eta, noski, gure egunerokoa aurrera eramateko elikatzea beharrezkoa zaigu, baina ezin dugu ahaztu izaki emozionalak ere bagarela, eta hori kontuan hartzea ezinbestekoa da". Moderatzailearen galdera bati erantzunez, aipatu du baita ere pertsona heldu baten eta elikaduraren arteko harreman sanorik ez dela existitzen. 

Luze eta zabal hitz egin dute gaiaz, ia ordu eta erdiko mahai ingurua osatu arte. Tartean, mahai ingurura joandako zenbait herritarrek ere hartu dute hitza.