Intza KEko pilotariek denetariko emaitzak izan zituzten

Txintxarri Aldizkaria 2023ko aza. 16a, 11:30

Pilota zaletuek zazpi partidaz gozatzeko aukera izan zuten hilaren 10ean eta 11n, Lasarte-Orian

Loidibarrenen eman zioten hasiera Intzako kideek asteburuari. Infantil 3. mailako Unai Lizarraga nagusi izan zen eta Alde Zaharrako 8-1 eta 8-6 garaitu zuen. Jarraian, Gomazko Palako 3. mailako bikoteak ere garaipena erdietsi zuen. Tolosako Beotibar 4 bikotearen aurkako neurketa borrokatua izan zen. Baina 12na berdindu ostean, tolosarrek ezin izan zuten herritarren erritmoa jarraitu eta 25-14 irabazi zuen Intzako bikoteak.

Hilaren 11n, Michelin kirol gunean bi jardunaldi ezberdin izan ziren. Goizean senior mailako bikoteak Abantzu 22-14 gainditu zuen. Jon Pello Artetxek eta Haritza Diaz de Gereñu eroso jokatu eta nagusi izan ziren neurketa hasieratik.

Arratsaldean, aldiz, infantil mailako neurketen txanda izan zen. Lehenik 2. mailako kirolariak izan ziren lehian eta Intzako kideek ezin izan zuten garaipena erdietsi.

Lehen neurketan, Añorgako pilotariak Arkaitz Lasa 0-2 (2-8 eta 0-8) gainditu zuen.

Hurrengo bi partidetan, aldiz, Intzako kideak ederki jokatu eta borrokatu ziren eta berdinketa hautsi behar izan zuten hirugarren jokoarekin. Emaitza ez zen aldeko izan, ordea.

Ekhi Maizek puntu batengatik (8-5, 1-8 eta 3-4) galdu zuen Oiarpeko kirolariaren aurka eta Itxaso Iparragirreri ere gutxigatik (4-8, 8-2 eta 1-4) egin zion ihes neurketak.

Oier Jauregi 1. mailako infantilak ere ez zuen egun ona izan eta Tolosako ordezkariaren aurka erori zen (7-8 eta 8-1). Intzako Jose Felix Solanok azaldu duenez, eskuetan arazoak ditu pilotari gazteak eta horrek eragin handia izan du azken lehiatan.

Horiez gain, alebin mailan, Lier Garmendiak ezin izan zuen Mundarroko aurkaria gainditu. Neurketa berdindua izan zen eta bana berdindu ostean (3-8 eta 8-6), hirugarren jokoan erabaki zen garailea Astigarragako pilotariak eraman zuen saria (4-2).