Herritar talde batek asteak daramatza hilaren 30eko greba feminista orokorra prestatzen, asanblada ez mistoen bidez aurrena eta mistoekin orain. Oraindik bilera gehiago dituzte egiteke eta lasarteoriatarrak animatu dituzte bertaratu eta ekarpenak egitera. Oraingoz, hau da egun horretarako prestatu duten egitaraua:
- 10:00etan, kalejira bat egingo dute herrian zehar, Lasarte-Oriako zaintzaren egoera zein den ezagutzea helburu.
- 12:00etan, agerraldi masibo bat aurrera eramango dute, Okendo plazan.
- 18:00etan, eskualdeko manifestazioarekin bat egingo dute eta Hernanira joan.
Lanuzte hori hizpide izan dute, jakina, baina azpimarratu dute ekintza hori ez dela helburu nagusia, baizik eta mugarri bat izatea "zaintza sistema publiko komunitariora bidean". Izan ere, mugimendu feministak deitutako grebak alor hori jarriko du fokuan. Gure herriko batzordeko kideek adierazi dutenez, "denok izango gara zainduak noizbait eta guztioi dagokigu zaintzaren ardura kolektiboki hartzea".
Emakumeak, "gutxietsiak"
Zaintza lanen pisua historikoki emakumeek eraman dutela nabarmendu dute Oriarte Landaberri institutuko agerraldira bertaratu direnek. "Inoiz ez dira lan aitortuak izan. Are gehiago: politikoki, sozialki eta ekonomikoki ikusezinak eta gutxietsiak izan dira". Bizitza sostengatzeko funtsezkoak diren zaintza lanak "ezinbestekoak" direla gero eta onartuago dagoela esan dute, baina "ikusezinak" izaten segitzen dutela Euskal Herrian: "Eremu pribatuan eta inolako aitortza sozialik zein ekonomikorik gabe".
Alor horretako enpleguari dagokionean, "gero eta handiagoa den pribatizazio egoerak" egoera "okertu" egiten du, batzordeko kideen aburuz. "Indarkeria eta desberdintasunaren ardatz dira emakume langileentzat: arraza, atzerritartasun egoera, adina, sarea eta estatus soziala gurutzatuz eta berrelikatuz". Norabide horretan, langile klaseko emakumeek jarraitzen dute zaintza sostengatzen, baldintza hauetan: lanaldi bikoitzak eginda; zerbitzu publiko "urri eta prekarioak" ordezkatuta; denera iritsi ezinda; eta norberaren bizitza alde batera utzita.
Egoera hori izanik, beharrezko ikusten dute zaintza eskubide kolektiboa, hau da, pertsona guztiek, bizitza osoan zehar arreta hori eskaini eta jasotzeko eskubidea, "askatasunez eta konpromisoz".
Kolektiboki, ez indibidualki
Zaintza lanen afera "mendekotasun egoeraz harago" doala nabarmendu dute batzordeko kideek. "Berekin dakar nor, nola eta zenbateraino zaindu nahi dugun, kolektiboki eta ez indibidualki ulertuta eta emakumeek lan horiek egiteko beren bizitzak alde batera ez uztea defendatuta. Betiere, azpimarratuta ez zaintzea pribilegio bat dela".
Ildo horretatik, "beharrezkoa" da zaintza lanak demokratizatzea, "ezinbestekoa eta premiazkoa" da politika bat pentsatzea. Beste era batera esanda, "euskal zaintza sistema publiko komunitario berri bat" ehundu eta aplikatzea.