Claudio Constantini eta eXpreSSio duo bikotea gonbidatuko ditu Zero Settek akordeoi jaialdira

Txintxarri Aldizkaria 2023ko aza. 16a, 08:00

Iazko akordeoi jaialdiko une bat.

Zero Sette orkestrak larunbat honetan ospatuko du XX. Akordeoi Jaialdia, kultur etxean, 19:00etan. Talde horretako kideek iragarri dute Claudio Constantini bandoneoilari eta piano jotzailea eta Maria Zubimendik nahiz Garazi Navasek osatutako eXpreSSio duo bikotea gonbidatuko dituela. Sarrerek 6 euro balio dute.

Herritarrek hitzordu interesgarri bat dute asteburu honetan, Zero Sette orkestrak aurrera eramango duen akordeoi jaialdia. Gonbidatuetako bat eXpreSSio duo izango da, Maria Zubimendi eta Garazi Navas akordeoi jotzaileek osatutako bikotea. Zero Setteko kideek azaldu dutenez, zenbait dantzariren erritmora mugituko dituzte hauspoak: agerikoak batzuk, sotilak edota iradokitakoak besteak, koreografia ugari erakutsiko dituzte. Pirinioetako muga batetik bestera bidaiatuko du akordeoi jotzaileen musikak, Lully, Rameau, Aita Donostia edota Guridiren gisako autoreen lanak oholtzaratuta.

Espainian bizi den perutarra da Claudio Constantini, piano jotzaile trebea izateaz gain bandoneoilari fina dena. Munduko 30 herrialde baino gehiagotan jo du eta sari bat baino gehiago jaso du bere ibilbide oparoan zehar, hala nola, Latin Grammy-etarako izendapena edota Global Music Award saria, 2019an eta 2021ean hurrenez hurren. "Sentsibilitate eta birtuosismo izugarriarekin jotzen du", nabarmendu dute Zero Setteko lagunek.