Euskal Ligako Gesalaga Okelan Zarautzek ederki borrokatu zuen garaipena

Txintxarri Aldizkaria 2023ko aza. 15a, 15:15

Gesalaga Okelan Zarautz Beltzak eta Universitario Bilbao taldeen arteko neurketako irudia. Arg.: BeƱat Arroyo.

Euriari aurre eginez, Michelin kirol guneko harmailak errugbi zaletuez bete ziren. Euskal Ligako Gesalaga Okelan Zarautz Beltzak eta Bera Bera taldeek neurketa borrokatua jokatu zuten eta herritarrek eraman zuten saria 17-12 irabazita

Partida hasi eta bi taldeek argi utzi zuten entsegu marrara iristea zail izango zela. Ondorioz hemezortzigarren minutura arte ezin izan zuten beltzek donostiarren defentsa hautsi; Gavi Gavilanek egin zuen entsegua.

Baina gutxi iraungo zuen poztasunak. Lau minuturen buruan, Bera Berak markagailua berdindu zuen entsegu marra igarota.

Bi taldeek defentsa tinko mantendu zuten eta kontaktu handiko jokoa izan zen hurrengo minutuetan. Hala ere, beltzakeko Anartz Zendoiak lortu zuen zuloa egin eta entsegua egitea. Tamalez minutuetara donostiarrek erasoari erantzun zioten eta bost puntuez gain, gauzatzea ere lortu zuten neurketan aurre hartuz. 10-12 iritsi ziren atsedenaldira.

Zelaira itzultzean etxeko taldeak entsegua egiteko aukera garbia izan zuen, baina Bera Beraren defentsak erasoa gelditu zuen. Hurrengo minutuetan baloia batetik bestera ibili zen eta 64. minutuan, beltzek helburua lortu zuten; Eneko Arbizuk marra igaro eta Julen Espinosak gauzatzea lortu zuen, 17-12. Bi taldeak saiatu arren, markagailua ez zen gehiago mugitu.

Beste neurketak

Beltzen 16 eta 18 urtez azpiko taldeek ez zuten zorte bera izan. Gaztediren aurka neurtu zituzten indarrak eta Gasteizeko taldeek euren nagusitasuna erakutsi zuten partidak 0-50 eta 5-19, hurrenez hurren, irabaziz.

Bestalde, Alex Saleta herritarrak Castilla y Leon Iberians taldeko hamabostekoan jokatu zuen Israelgo Tel Aviv Heat-en aurka, Valladoliden. Neurketa galdu (20-38) arren, Saleta selekzioko jokalaririk onena izendatu zuten. Saletaz gain, Beltzak RTko harrobiko Urko Zumeta ere lehiatu zen partidan. Ez da hau selekzioarekin jokatuko duten lehia bakarra izango. Biak sartu dira taldearen deialdi berrian; Portugalgo Lusitanos izango dute aurkari hilaren 19an.

Horrez gain, Gipuzkoako 13 eta 14 urtez azpiko taldeak entrenamendu saioa izan zuen eta bertan izan ziren Beltzak Errugbi eskolako Beñat Zabala eta Erik Perez kideak.