Xuhakan elkarteko ordezkariek lan ona egin dute Espainiako Kopan

Txintxarri Aldizkaria 2023ko aza. 15a, 09:00

Xuhakan elkarteko kide Mattin eta 'Troi' txakurra, Almazango txapelketan parte hartzen. Argazkia: Xuhakan.

Soriako Almazan herrian izan dira Xuhakan Txakur Elkarteko bi ordezkari, erabilgarritasunezko kirol mendetasuneko Espainiako Kopan nahiz Txapelketan parte hartzen. Podiumetik kanpo geratu badira ere, biek ala biek lortu dute datorren denboraldirako mailaz igotzea.

Jose eta Sombra lehen aldiz aritu dira horrelako proba batean, eta urduri egon izanagatik, 73 puntu eta maila igoera lortu dituzte. Xuhananeko kide Juan Mari Encinasek nabarmendu duenez, "faboritoek ere akatsak egin dituzte proba horretan". Bestalde, Mattin eta Troi lehiatu dira Almazanen, eta podiumetik gertu geratu, 74 puntu bilduta. "Jostailuzko basurde bat izan da zakurrak gainditu beharrezko oztopo bat eta zaila egin zaio; horrek jaitsi egin du kalifikazioa". Edonola ere, bikote horrek ere kategoriaz igotzea lortu du datorren denboraldira begira.

Encinasek eskerrak eman dizkio Teresa Barratt epaileari, kategoria bakoitzeko probak ondo planteatu eta pista barruan nahiz kanpoan erakutsitako jarreragatik. Bidenabar, Almazango herritarrentzako eta udalarentzako ere esker hitzak izan ditu: "Kopa eta txapelketa aurrera eraman ahal izateko instalazioak utzi dizkigute". 

Jose eta 'Sombra', konpetitzen hasteko prest.