Ostadar jubenilak garaipena erdietsi du etxean

Txintxarri Aldizkaria 2023ko aza. 14a, 15:20

Ostadar Boleibola saileko jubenilek denboraldiko bigarren garaipena erdietsi zuen hilaren 11n, Maialen Chourraut kiroldegian. Enara Hernandez eta Ekaitz Fernandezek zuzentzen duten taldeak lehen faseko jardunaldian Vendetta M. senior taldea izan zuen aurrez aurre.

Neurketa garaipen garbiarekin hasi zuen etxeko taldea, 25-3. Bigarren seta ere Ostadarrek eskuratu zuen, baina talde urdin-beltzeko kideek lan ederra egin behar izan zuten 25-20 irabazteko. 

Norgehiagoka kontrolpean zutela zirudien arren, hurrengo zatian etxeko taldeak ez zuen aldaketak egiteko momentuarekin asmatu eta Irungo taldeak eraman zuen saria, 21-25. 

Horren ostean, prestatzaileek jokalarien jarraibide batzuk eman eta Ostadarreko jokalariek euren jokoa erakutsi zuten. Jokaldiak ederki borrokatu behar izan zituzten eta sari gisa, 25-19ko emaitzarekin neurketari amaiera eman zioten.

Ostadarreko entrenatzaile Hernandez eta Fernandez pozarren daude taldeak egindako lanarekin: "gauzak erraz jarri ez zizkigun senior taldea 3-1 irabazi dugu". Izan ere, Gipuzkoako txapelketako lehen fasean bere kategoriako zein senior mailako taldeak nahasten dituen multzoan lehian dago Ostadarreko taldea.  

Emaitza ezberdinak

Egun bat geroago, Euskal Ligako II. mailako taldeak liga hasiera biribilari jarraipena eman zion. Durango BT izan zuen aurkari etxean eta 3-0 (25-20, 25-23 eta 25-13) nagusitu zen Asier Acuriolaren taldea.

Euskal Ligako taldeak, aldiz, txanponaren bestea aldea pairatu zuen Gasteizen. Ederki lehiatu arren, talde urdin beltzak ezin izan zuen setik eskuratu eta UDAPA Jatorkide senior taldeak eraman zuen garaipena (25-18, 25-23 eta 25-23).

Gainerako taldeek emaitzak ezin izan ditugu eskuratu oraindik.