'Txapasen kaxa magikoa' disko-liburua aurkeztu dute pailazoek

Txintxarri Aldizkaria 2023ko aza. 13a, 17:17

Argazkia: Katxiporreta.

Pirritx, Porrotx eta Marimototsek labetik atera berri dute haien lan berria: Txapasen kaxa magikoa. Protagonista nagusia, Josu Txapartegi Txapas bera, besteak beste gure herriko Xumela koruko zuzendaria dena. Talde horretako kide ugari izan dira disko-liburuaren aurkezpenean, Zarauzko Modelo aretoan.

Olatuek botila ekarri dute Txapasentzat itsasoaren beste aldetik… Zer ote du barruan?
Jantzi sudur gorria eta zatoz gurekin Txapasen kaxa magikoak gordetzen dituen sekretuak ezagutzera… Dzzzit!. Horrela hasten da Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen disko-liburu berria, Josu Txapartegi Txapas (Zarautz, 1946) irakasle, musikari eta euskaltzalea protagonista duena: Txapasen kaxa magikoa izena du eta hamasei abestik osatzen dute, horietako gehienak zarauztarrak berak konposatutakoak. Jaioterrian ez ezik, oso estimatua da Lasarte-Orian ere, Xumela koruaren zuzendarietako bat delako. Talde horretako kide ugari lagun izan ditu lanaren aurkezpenean, Zarauzko Modelo aretoan. 

Musika moldaketak Xabier Zabalak egin ditu, Arantxa Urbek idatzi du ipuina eta Irrimarrak ilustratu. Esan bezala, Txapasen sorkuntza lana hartu dute oinarri eta istorio zirraragarri bat osatu, aipatu diziplina artistiko horiek guztiak uztartuta.