Euskal Jaiak koloreztatu du larunbat grisa

Txintxarri Aldizkaria 2023ko aza. 12a, 16:05

Eguraldi txarra ez da oztopo izan euskaraz eta euskal kulturaz gozatzeko. Egitarauko zenbait jarduera halabeharrez moldatu behar izanagatik, giro ona izan da Euskal Jaian eta gogotik gozatu dute herritarrek.

Euskal Jaia aurrera eraman zuen atzo Ttakun Kultur Elkarteak, herriko zenbait eragilerekin elkarlanean eta Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzuaren laguntzarekin. Herriko txistularien taldeak esnatu zuen herria, erdigunean barrena doinu alaiak lau haizetara zabalduta. Alaia, alaia, azokaren hasierako itxura ez zen horrelakoa, baina goizak aurrera egin ahala bizia hartu zuen Okendo plazak, batez ere, euriak tregoa apur bat eman zuenean. Feriara bertaratu direnek aukera izan zuten herriko artisauen produktuak erosteko. 

Azokako giroa bizien zegoenean hasi ziren gorputzak astintzen Plaza Dantza egitasmoko lagunak. Astero entseatzeko elkartzen zirenek osatu zuten borobila hasieran, zabaldu egin zena gero, zenbait herritar dantzatzera animatu zirenean.

Giro bikaina arratsaldean

Erketz EDT dantza taldeko lagunek eta jantzi tradizionalen ikastaroan parte hartzen dutenek utzita, euskal jantzien erakusketatxo bat jarri zuten Jalgi kafe antzokian, arratsaldean. Hori aitzaki gisa hartuta ekin zion bakarrizketari Bea Egizabal clownak, taberna horretan bertan. Euskara eta euskal kultura izan ziren bere saio umoretsuaren ardatzak.

Egitaraua giro ederrean itxi zuten antolatzaileek, Oaintxe in deu! txarangak girotutako poteoarekin. Erdiguneko zenbait tabernatan barrena ibili ziren.