Oroimenean izan dituzte, Memoriaren Egunean

Txintxarri Aldizkaria 2023ko aza. 10a, 13:47

Lasarte-Oriako motibazio politikoko indarkeria kasuak gogoan izan dituzte gaur eguerdian, azaroak 10, Memoriaren Egunean. Ohi bezala, Askatasunaren parkean egin asmo zuten ekitaldia, baina eguraldi txarra medio, Mercero gunera lekualdatu dute. Bertan izan dira udaleko alderdi politikoetako ordezkariak, baita Bizikidetza taldekoak ere; herritar batzuk ere bat egin dute deialdiarekin. 

Hitzorduari hasiera emateko, Agustin Valdivia alkateak hartu du hitza, eta aretoan bildutakoak agurtzearekin batera, azaldu du aurtengo ekitaldia prestatu eta dinamizatzearen ardura Herritar Foroarena izan dela. Hala, nabarmendu du mahai-politikoak lanean jarraitzen duela Lasarte-Orian "bizikidetza eta bakea" sustatzeko. Baketik erakundeko Bakea eta Bizikidetza arloko ordezkari Maialen Lizarralderi eman dio hitza gero. 

Manoli Urritegi Arambururen idatzi bat izan du ahotan Lizarraldek, eta horrekin hausnartzera gonbidatu ditu aretoan bildutakoak. Javier Urritegi Arambururen arreba da Manoli; ETAk hil zuen 1991n, Donostiako Larratxo auzoko tabernan. Gertakari hura abiapuntu hartuta idatzitako testu baten entzule izan dira hitzordura bertaratu direnak. 

Lore eskaintza

Hitzartzeak amaituta, lore eskaintza egin dute. Arrosa zuri bana hartu dute, eskuartean, ordezkari politikoek eta zenbait herritarrek ere bai, eta lorontzian jarri dituzte, banan-banan. Minutu bateko isilunea egin dute gero, eta Lourdes Iriondoren Askatasuna zertarako? abestia kantatuz eman diote amaiera ekitaldiari.