Herriko korrikalari eta atletek hitzordu garrantzitsuei aurre egin diete

Txintxarri Aldizkaria 2023ko aza. 10a, 10:30

Sukuntza, Goenaga eta benjamin mailako atletak, proba egiten. Arg.: GAF/ Maria Eugi.

Lasarte-Oriako kirolariak krosean, pistan eta errepidean lehian ari dira. Lasarte-Oriako zein Ostadar SKTko kirolariak Donostiako Nazioarteko krosean nahiz 20 urtez azpiko Kluben Espainiako txapelketan parte hartu duten. Hilaren 12an, aldiz, 167 herritar 58. Behobia-Donostia lasterketan irteera puntuan izango dira

Lokatza eta euria protagonista izango zirela zirudien arren, hilaren 5ean eguraldiak atseden eman zien Donostiako Nazioarteko krosean parte hartu zuten korrikalariei. Lasarte-Oriako ordezkariak hainbat probetan parte hartu zuten.

Zumeatarra taldeko Aimar Sukuntza herritarrak proba nagusia lehiatu eta nazioarteko atleten artean korrika egin zuen. 31.33ko marka eginez, sailkapen nagusiko 39. postuan iritsi zen helmugara; 23 urtez azpiko mailan, aldiz, zortzigarren izan zen.

Unax Goenaga Super Amara BAT taldeko herritarrak 20 urtez azpiko mailako lehian egin zuen lasterka eta bere mailako 11. postua (16.11) eskuratu zuen.

Ostadar SKTko atletismo eskolako infantil, alebin eta benjamin mailetako gaztetxoek ere euren onena eman zuten Hipodromoko pistan.

Infantil mailan Irati Gallego Martin (49 postuan), June Iruretagoiena Jimenez (56 p.) eta Erin Iruretagoiena Jimenez (81 p.) lehiatu ziren, alebin mailan Miriam Gallego Martin (22. postua), Oier Jauregui Salaberria (41 p.) eta Aitor Ormazabal Garrido (45 p.); benjamin mailan izan zen ordezkaritzarik zabalena 20 bat kide izan ziren korrika.
 
 

Ostadar Atletismo eskolako benjamin taldea eta prestatzaileak. Arg.:  Ostadar Atletismoa.

 

Espainiako txapelketan lehian

Urriko azken asteburuan, aldiz, 20 urtez azpiko kluben Espainiako txapelketa jokatu zen. Ostadar SKTko Alex Alkain eta Aiala Ramos gazteek Bidasoa Atletiko Taldearekin bat egin zuten hitzorduari aurre egiteko.

Alkainek Madrilera egin zuen bidaia A Finaleko luzera jauzi proban parte hartzeko eta bere aletxoa jarri zuen taldea zortzigarren sailkatzeko. Ostadarreko kideak zazpigarren postua eskuratu zuen 5,77 metroko jauziarekin.

Ramosek, aldiz, Durangon txapelketako B finala lehiatu zuen. BAT jardunaldiko garailea izan zen eta Espainiako bederatzigarren postua eskuratu zuen. Horren erantzuleetako bat izan zen talde urdin-beltzeko kidea. Ramosek lan ederra egin zuen eta xabalina jaurtiketako irabazle izan zen 29,40 m. markarekin.

Behobia-Donostia

Bestalde, errepideko korrikalariek gorriz markatutako hitzordu garrantzitsua iritsi da. Hilaren 12an, 58. Behobia-Donostia jokatuko da. 

29.639 lasterkari eta patinatzailek eman dute izena proba ezagunean eta Lasarte-Oriak aurten 167 ordezkari izango ditu Behobiako irteera puntuan. 

09:30ean gurpildun aulkian eta handbike-an doazen parte hartzaileek emango diote hasiera lasterketari. Bost minutu geroago patinatzaileen txanda izango da eta 10:00ak aldera aterako dira lehen korrikalariak. Guztiek Irungo auzotik Donostiarainoko 20 kilometroak egin eta Boulevardeko helmuga igarotzea dute helburu.