Elgoibar mailan talde berria izanik, Ostadarrek aurreko jardunaldietako emaitzekin bakarrik egin zion aurre neurketari. Leire Garcia prestatzaileak azaldu modura, "gol dezente sartzen zituztela ikusi genuen eta guretzako indartsuak diren ekipoen aurka puntuak lortzetik zetozen".
Horregatik taldearen ohiko jokoa egitea izan zen etxeko taldearen planteamendua: "baloia jokatu eta aurrean presio ona eginez baloiak berreskuratu eta kontraeraso azkarrak antolatzean".
Neurketa hasiera lehia handikoa izan zen. Elgoibartarrek intentsitatea markatu nahi izan zuten, baina urdin-beltzek ez zuten arazorik izan euren jokoa egiteko. Defentsan ere sendo egon zen taldea. Ondorioz, jokaldi polit batean ireki zuen Ostadarrek markagailua.
Atsedenaldiaren ostean, bi taldeek arriskua sortu zuten ateen aurrean. Ostadarreko atezainak ez zion Elgoibarri baloia sarera sartzeko aukerarik eman; etxeko taldeak, aldiz, ongi baliatu zituen bi jokaldi partida bereganatzeko. Korner batean buruz baloia gurutzatu eta bigarren gola egin zuen Ostadarrek. Aldaratze batean etorri zen hirugarrena. Elgoibarrek ez zuen bere areatik baloia ateratzerik izan eta hainbat saiakeraren ostean, urdin-beltzek baloia sarera bidali zuten.
Ostadarreko entrenatzaile Garcia pozarren dago taldeak aurten duen dinamikarekin eta iazko urtea trantsizio urtea izan zela azaldu du: "jende berri asko sartu zen taldean. Aurten denok ezagutzen gara, oso giro polita sortu da, entrenamenduetan seriotasuna eta kanpoan giro aparta ikusten da".
Hurrengo jardunaldian Zumaiako izango dute aurrez aurre eta neurketa gogorra espero duten arren, hiru puntuak eskuratzeko lanean ari direla aipatu du Garciak. Aurtengo helburua bosgarren postutik gora geratzea bazuten ere, emaitzak ikusita lehen hiru postuetan egoteko borrokatuko direla onartu du prestatzaileak.