Lasarteoriatarrek ahotsa eman dezaten nahi dute

Txintxarri Aldizkaria 2023ko aza. 8a, 16:21

Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Batzordeko lehendakari Jon Antxordokik eta Ttakun Kultur Elkarteko lehendakari Mari Karmen Ormazabalek GAITU proiektua aurkeztu dute, eta hori herrian zabaltzeko asmoen berri ere eman dute. Prentsaurrekoan ondoan izan dituzte euskalgintzako beste hainbat erakundetako ordezkariak, besteak beste, herriko ikastetxe guztietako irakasleen eta guraso elkarteen eta euskaltegien ordezkariak

Hizkuntza batek bizirauteko teknologia berrietara ere egokitu behar duela azaldu dute ordezkariek, eta, ohartarazi, bide horretan herritarrek egin dezaketen ekarpena handia dela.

Gure egunerokoan, gero eta arruntagoa da teknologiarekin ahotsa erabiliz komunikatzea, baita ahotsaren bidez gailuei aginduak ematea ere; hainbat etxetan daude jada Alexa, Cortana edo Google-en laguntzailea (Google Assistant) bezalako gailuak. Mugikorrekin edo autoekin ere ahots bidez komunikatzen gara. Kontua, ordea, zera da, teknologia hori garatzen duten enpresa handiek ez dutela pribatutasuna errespetatzen eta hizkuntza nagusiak bakarrik kontuan hartzen dituztela, euskara kanpo utziz.

Zer da Gaitu?

Nazioarteko Common Voice proiektua Euskal Herri mailan sustatzeko helburuarekin martxan jarriko den kanpaina da GAITU, eta, besteak beste, Eusko Jaurlaritza, Librezale elkartea eta Euskaltzaleen Topagunea daude ekimen horretan inplikatuta.

Proiektua aurrera eramateko, hau da, makinek hizkuntza bat ikas dezaten, aldiz, ahots asko behar dira, eta Common Voice proiektuari esker, ahots grabaketa sorta erraldoia biltzea ahalbidetuko da; edonori eta edozein hizkuntzatan (euskara barne), ahotsa erabiltzen duten gailuak modu azkar eta erraz batean trebatzeko aukera emango dio. "Erronka polita dugu esku artean oraingoan: euskaldunok euskaldunontzat egina, gaur-biharko euskaldun guztiontzat onuragarria, publikoa, irekia, irabazi-asmorik gabea eta kolaboratiboa", gaineratu dute ordezkariek. 

Nola parte har dezakete interesdunek?

Lasarteoriatarrei ahots grabaketak egiteko gonbidapena luzatu diete arestian aipatutako eragileek: "Datu basea handitzeko herritarron beharra daukate, gure ahotsak behar dituzte". 

Hortaz, euren ahotsa eman nahi dutenek, modu erazean egin dezakete hori. Edozein ordenagailu, sakelako telefono edo tablet-etik egin daiteke. Gaitu.eus web atarian sartu beharko dute, eta  “hitz egin” botoiari sakatu. Ostean, webguneak esaldi bat eskainiko die irakurtzeko, hortaz, esaldia esan, eta botoiarekin grabazioa amaituko dute. Lehenengao egin ostean, beste esaldi bat eskainiko die, eta, horrela, bost esaldi grabatutakoan, ondo grabatuta ote dauden entzutea komeni da. Ondo baldin badaude, “bidali” botoia sakatu beharko da, amaitzeko. Nahi adina esaldi graba ditzaketela ere ohartarazi dute. 

Gauzak horrela, ahalik eta lasarteoriatar gehienek parte hartzea da proposamena.

Udal ordezkariek jakinarazi dute datozen egunetan jasoko dute herritarrek informazio hori guztia azaltzen duen eskuorria postontzian.