Ostadar Boleiboleko kadete eta infantil B taldeek batean kale bestean bale egin zuten etxean

Txintxarri Aldizkaria 2023ko aza. 8a, 15:30

Boleibol hitzordu bikoitza izan zen hilaren 4an, goizean Maialen Chourraut kiroldegian. Zaletuek aldi berean, Ostadar SKTko kadete eta infantil B taldeen neurketaz gozatu ahal izan zuten. Udarregi eta Aldapeta Maria txuri urdin izan zituzten aurkari eta emaitza ezberdinak eskuratu zituzten urdin-beltzek

Kadeteek Udarregiren aurka jokatu zuten. Lehen setean usurbildarrek partida irabaziko zutela zirudien arren, etxeko taldea 3-1 gailendu zen. 

Ostadarreko kideek bazekiten neurketa ez zela erraza izango. Udarregi aurreko bi norgehiagoketan garaipena erdietsi zuten. Talde urdin-beltzak, aldiz, atseden jardunaldia izan zuen eta lehen setean nabaritu zen. Usurbildarrak konfiantzaz eta akatsik egin gabe nagusitu zen lehen setean, 9-25.

Miriam Monje eta Iker Castañeda entrenatzaileen hainbat azalpenen ondoren, jokalariek jarrera aldatu eta neurketari itzulia emateko gai izan ziren hurrengo hiru setak irabaziz (25-22, 25-16 eta 25-21).

Prestatzaileen ustetan, "jokalarien animoak eta harmailetatik izan genuen babesa erabakigarriak izan ziren partida irabazteko".

Boleibolean hasiberri

Infantil B taldeak, aldiz, txanponaren beste aldea bizi izan zuen; Aldapeta Maria Txuri urdin taldea 0-3 (7-25, 7-25 eta 9-25) nagusitu zen.

Taldeko Eider Aldazabal eta Alex Acuriola prestatzaileek azaldu duten modura, taldeko partaide guztiek lehen urtea dute boleibolean jokatzen eta pausoz pauso kirolaren nondik norakoak ikasten ari dira. 

Oraingoz infantil B taldeak hiru neurketa jokatu ditu eta hirurak galdu arren, jokalarien hobetzeko gogoak ikusi dituzte prestatzaileek. Pixkanaka pixkanaka hobekuntzak ikusi dituztela ere nabarmendu dute: "Lehenengo partidaren eta hirugarrenaren arteko desberdintasunak ikusi ondoren, ikusi dezakegu zertxobait hobetu dutela" Horregatik infantil B taldearen bi entrenatzaileak ziur gaude denboraldi amaieran aldaketa hori nabarmena izango dela: "Horrek ikaragarri pozten gaitu".

Hori dela eta, entrenatzaileek partida bat irabaziko duten eguna irrikan espero dute: "Ziur gaude egun hori ez dutela ahaztuko, jokalari batek ez duelako inoiz ahazten irabazi duen lehen partida".