Infantil mailako partaidetza taldeek denetariko emaitzak izan dituzte lehen fasea amaitzeko

Txintxarri Aldizkaria 2023ko aza. 8a, 10:30

Infantil partaidetza mailako taldeek lehenengo faseko azken neurketa jokatu zuten azaroko lehen asteburuan Maialen Chourraut kiroldegian. Bi garaipen eta porrot bat jasan zituzten

Ostadar taldeak Aldapeta Maria ikastetxeko talde txuriaren aurka neurtu zituen indarrak hilaren 4an eta garaipena erdietsi zuen, 63-15. Bost jardunaldi jokatu dituzte eta guztietan aurkaria gainditu dute talde urdin-beltzeko kideek.

Partida berdindua hasi zen. Donostiako taldeak oztopo ugari jarri zizkion etxeko taldeari eta 13-7 amaitu zituzten lehen hamar minutuak. Bigarren laurdenean erasoan eta defentsan sendo egon zen taldea eta trantsizio azkarrei esker errenta irekitzea lortu zuen; Aldapetak, ordea, puntu bakarra egin zuen. 

Atsedenaldiaren ostean, Ostadarrek entrenamenduan landutakoa jarri zuen martxan jokaldi ezberdinetan eta Endika Marrahi prestatzaileak lan handia egiteko dagoela ikusi zuen. Aurkariek ongi eutsi zieten etxekoen erasoaldiei. Hala ere, azken 10 minutuak faltan 53-12koa zegoen markagailuan.     

Azken laurdenean era nagusi izan zen etxeko taldea. Hala ere, urdin-beltzek falta ugari egin zituzten. Donostiarrek ez zuten jaurtiketa libreekin asmatu eta ondorioz, azken emaitza 63-15 izan zen.

Marrahi prestatzaileak nabarmendu duenez, pozarren dago taldearekin: "Denboraldiaurreko lana ikusten ari gara. Taldea oso momentu onean dago. Erronka baten zain gaude jokalariek zer egiteko gai diren ikusteko".

Hurrengo egunean, goizean, Ostadar urdina taldeak partida borrokatuan puntu batengatik garaitu zuen Easo Basket Artikutza (39-38) eta talde beltzak, ordea, Añorga KKEren aurka galdu zuen, 13-64.

Datorren asteburuan atsedena izango dute hiru taldeek eta hilaren 17an lehiaketako bigarren faseari emango diote hasiera.

GBC ikusten

Arratsaldean, beste era batera gozatu zuten Ostadar SKTko Saski Eskolako kideek kirolaz; LEB Ligako Guuk Gipuzkoa Basket eta Hestia Menorcaren arteko norgehiagoka ikusteko aukera izan zuten.

Arg.: Ostadar Saskibaloia.