Giltzek irekitzeko eta ixteko balio dute; etxea, autoa, kutxa, giltzarrapoa, kaiola edota espetxeak zabaltzeko erabil daitezke horiek. Hala nabarmendu du Lasarte-Oriako SAREk, asteburuan Giltzak dinamika ezagutarazteko egin duen agerraldian.
Adierazi dute inoren sufrimendua ahaztu edo gutxietsi gabe, iraganeko minak, gorrotoa eta indarkeriak atzean uzteko ateak itxi egin behar direla, orain artekoari begiratu ahal izateko: "Akatsetatik ikasiz, ez errepikatzeko, norgehiagokak giltzapetu eta iraganean ainguratzen gaituzten lehiak ixteko".
Hala, azpimarratu dute aurrera urrats sendoak eman ahala, ateak zarratu eta zabalduz ari direla bidea egiten: "ETAren desagerpenarekin, isolamenduaren eta urruntze politikaren amaierarekin, biktima ezberdinen oinazera hurbilduz, distantziak murriztuz eta banatzen gaituzten hormak eraitsiz". Baina bide horretan, pauso berriak emateko, ordea, beharrezko ikusten dute iraganean betikotzen dituzten ateak itxi eta euskal preso, iheslari eta deportatuen aferari irtenbidea ematea, baita gutxieneko akordio baten bila, biktima guztiei tratamendu "justu eta berdina" ematea ahalbidetuko duten ateak irekitzen jarraitzea.
Gauzak horrela, nabarmendu dute oraindik ezin dutela iraganaren atea behin betiko itxi: "Oraindik, euskal presoen eskubideek urratuak izaten jarraitzen dute eta, era berean, ez da lortu biktima guztiei bidezko tratamendua emateko helburua". Uste dute presoek legearen bidea jorratzeko ateak ireki ahala, ugaritzen ari direla legedia ezartzeko oztopo diren sarraila berriak: "Salbuespenak giltzarrapo izaten darrai, etxerako ateak itxita jarraitzen du. Aldiz, aspaldian jendartea elkarbizitzarako ateak irekitzeko lanetan dabil, giltza ugari eskutan hartuta, pertsona eta eragileen arteko harremanak, adostasunak eta desadostasunak, modu eraikitzailean egituratuz".
Bide horretan jarraitzeko nahia
Giltzei eraginez gizartearen motorra piztu eta aurrera egiteko bide horretan jarraitu "nahi eta behar" dutela nabarmendu dute: "Pertsona guztien motorrak martxan jartzen lagundu nahi dugu: kaleetan, esparru politikoan, sindikalean eta sozialean hainbeste urtetako konfrontazioaren ondoren gizarte gisa nahi dugun etorkizunari ateak irekitzeko". Honakoa gaineratu dute: "Konponbidearen eta elkarbizitzaren ateak parez pare zabaldu nahi ditugu, eta horretarako, presoen etxerako atea zabalduko duten giltzak eskuartean hartu behar ditugu".
Ohartarazi dute ez direla presoen zigorgabetasuna eskatzen ari, baizik eta zigorrak betetzeko legeak eskaintzen dituen aukerei ateak irekitzea: "Espetxe eredu berri, humanizatu eta justuagoan sakonduz, euskal presoei dagozkien eskubideen jabetza aitortuz, herri honetan sufritu duten pertsona guztiak aintzat hartuz eta biolentzia ezberdinen biktima diren guztiak errespetatuz".
Esandako guztiari lotuta, adierazi dute prest daudela konponbiderako, elkarbizitzarako biktima guztien minen errespeturako eta presoen etxerako biderako ateak irekiko dituzten giltzak euren eskuetan hartzeko: "Ahalegina egingo dugu ate hauek lehenbailehen ireki daitezen horrela, herri hau osatzen dugunok elkarbizitza oinarri izango duen etorkizun bat eraiki dezagun".