Deitzaileek nabarmendu dute herrialde horretako egoera "oso larria, jasanezina" dela, eta, azpimarratu, dagoeneko, Israelek 8.000 hildakoren langa gainditu duela Gazako eremuan; horien arte asko adin txikikoak direla ere ohartarazi dute, eta gogorarazi, Israel ospitale eta eskolak etengabe bonbardatzen ari dela: "Hori onartezina da".
Horrez gain, Gazan bizitzeko ezinbestekoak diren produktuak (ura, elikagaiak, sendagaiak edota erregaiak) sartzea eragozten duen blokeoaz ere mintzatu dira. Ospitalerik ez erabiltzeko hornidura elektrikoaren mozketa, edo egiten ari diren basakeriak estaltzeko eginiko telekomunikazioen mozketa ere ahotan izan dituzte.
Gertatzen ari den horren guztiaren aurrean nazioarteko komunitatea erakusten ari den axolagabekeria lotsagarria dela ere azpimarratu dute, eta NBEko errelatore bereziak esandako hitzak ere ekarri dituzte agerraldira: "Gazako herritarrei egoten ari direna genozidiotik oso hurbil dago. Ura eta argindarra etetea gizateriaren aurkako krimena da".
Hala, hitzetatik ekintzetara igarotzeko unea dela nabarmenduz, honako eskaera hauen egin dituzte:
- Israelgo gobernuari bat-bateko eta baldintzarik gabeko su etena exijitzea. Euren tropak Gazako inguruko lurretatik aldentzea eta blokeoarekin amaitzea.
- Israelekin harreman diplomatiko, politiko, militar, komertzial, ekonomiko eta kulturalak etetea.
- Israelgo estatura bideratzen diren armak enbargatzea.
- Gerra krimen eta gizateriaren aurkako krimenengatik epaituak izan daitezen Israelgo estatua eta bertako agintariak nazioarteko justizia gortera eramatea.
- Gizarte mailan, Israelen aurkako boikot, zigor eta desinbertsio kanpainak sustatzea, eta espresuki Euskal Herriko enpresek estatu israeldarrarekin dituzten harreman ekonomiko eta komertzialak bertan behera uztea.
- Israelek nazioarteko bankuetan dituen funtsak berehala izoztea.