Eguzki Areto Futbol taldeek denetariko emaitzak lortu dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2023ko aza. 2a, 15:30

Emaitza ezberdinak izan dituzte Eguzki Areto Futboleko taldeek Gipuzkoako Ligako jardunaldian. Etxeko neurketetan bi garaipen, berdinketa bat eta porrot bat izan ziren. Pasaian ere Eguzki Arkupe Rehabilitaciones taldeak ezin izan zuen aldeko emaitzarik lortu

Urriaren 27an, II. mailako Eguzki ISU Leihoak taldea ederki borrokatu zen Anoeta FTren aurka eta binakako berdinketarekin amaitu zen neurketa. Argazki galerian norgehiagokako irudiak ikusgai.

Hurrengo egunean, ederki hasi zen goiza. Bai infantil baita kadeteak ere euren partidetan nagusi izan ziren eta 9-1 eta 8-1 garaitu zituzten aurkariak, hurrenez hurren. 

Eguna biribiltzeko gazteen neurketa falta zen. Tamalez, Eguzki Bodegas Ayesa taldeko kideak saiatu arren, ezin izan zuten Herrikide gainditu (2-5). 

Kanpoan ere ez zuen zorterik izan Eguzki Arkupe Rehabilitaciones taldeak. Afantxo izan zuen aurrez aurre Pasai Donibaneko kiroldegian eta etxeko taldea 11-3 gailendu zen.