Buruntzaldea IKTko alebinek ederki hasi dute denboraldia

Txintxarri Aldizkaria 2023ko aza. 2a, 13:55

Buruntzaldea IKTko gaztetxoek denboraldiari hasiera eman zioten urriaren 28an. Alebin Ligako lehen jardunaldia lehiatu zuten Maialen Chourraut kiroldegiko igerilekuan

Alebin Ligako 1. jardunaldia antolatu zuen Buruntzaldea IKTk  GIFeko epaileen laguntzarekin, hilaren 28an, Maialen Chourraut kiroldegian. Eremuko igerilari gazteak bildu ziren bertan eta igeriketa taldeko bederatzi kide izan ziren lehian: June Apeztegia, Aiala Erro, Aizpea Barcina, Aitor Ormazabal, Ariel Sandoval, Lier Garmendia, Itxaso Iparragirre, Liher Albizu eta Ander Martinez. Guztiak ederki jardun ziren urteko lehen hitzorduan.
 
Gehienek proba berdinak egin zituzten bakarka: 200 m. lau estilo proba eta 100 m. libre proba. Mailan lehen urtea izanagatik, Ariel Sandoval eta Lier Garmendia 50 m. bizkar proban ere lehiatu ziren. 
 
Igerilariek proba sendo batekin eman zioten hasiera ligari, lau estiloko 200 m. proba. Buruntzaldea IKTko gaztetxoek modu egokian egin zioten aurre taldeko prestatzaileen hitzetan: "Egoki egin zuten igeri eta arautegiaren inguruko guztia ondo errespetatuz aritu ziren. Horretaz gain, esfortzu potoloa egin zuten proba bera egin zuten moduan gainditzeko".
 
Aurreko probako nekea nabari zuten arren, estilo libreko 100 metroko saioan ere gogotsu aritu ziren igeriketa taldeko gaztetxoak.
 
Eta saioa amaitzeko gizonezkoen estilo libreko 4x200 erreleboa izan zen. Horretan Ander Martinez, Liher Albizu eta Aitor Ormazabal taldekideek Hernani KEko Jurdan-ekin batera parte hartu zuten.
 
Hurrengo jardunaldia hilaren 18an izango dute Andoaingo Allurralde kiroldegian. Bertan bakarka 200 m. libre eta 100 m. bular probak gainditu beharko dituzte; hasiberriek 50 m. libreko saioa ere izango dute. Eta erreleboei dagokionez, emakumezkoen estilo libreko 4x100 m. proba izango da.
 

Argazki galeria: Buruntzaldea IKT / Txintxarri