EH Bildu ez dator bat datorren urteko ordenantza fiskalak %4,2 igotzearekin

Txintxarri Aldizkaria 2023ko aza. 2a, 11:45

Udal korporazioak PSE-EE eta EAJrekin aldeko botoekin onartu berri duen ordenantza fiskalen proposamenaren gaineko iritzia eman du EH Bilduk: "Udal gobernuaren kudeaketa txarra izan da eta ez du gardentasunez jokatu. Hori dela eta, ez dugu txostena lantzeko eta emendakinak aurkezteko nahikoa denbora izan". 

Agerraldia egin du EH Bilduk, datorren urteko ordenantza fiskalen proposamenari buruz zer pentsatzen duen adierazteko. Lehenik eta behin, alderdi horretako kideek azpimarratu dute ez datozela bat udal gobernuaren egiteko moduarekin: "Txostena batzordera eraman eta gero hiru aste izan beharko genituzke aztertu eta emendakinak aurkezteko, baina lau egun besterik ez zizkiguten eman, asteburua tartean". Bidenabar, igoera orokorra %4,2koa izatea gehiegizkoa iruditzen zaie. "Ez dio herritarrak bizitzen ari diren momentuari erantzuten eta ez da betetzen ari gehien duenak gehiago ordaintzearen irizpidea". 

Hori esanda, koalizio subiranistako kideak kontziente dira baliabideak eta diru sarrerak behar dituela udalak "zerbitzu duinak" eman ahal izateko. Horregatik, udalaren egoera ekonomikoa aztertu ondotik, tasa eta zergak %2,5 igotzea proposatu dute.

Etxebizitza, hondakinak eta espazioen erabilera

Ordenantza fiskaletan hobetu beharreko zenbait alorri buruzko gogoeta egin dute. Esate baterako, etxebizitzari buruz: "Proposatzen dugu %100eko errekargua aplikatzea Ondasun Higiezinen Gaineko Zergan, eraikinak bizitzeko erabiltzen dituztenean eta subjektu pasiboaren ohiko egoitza ez direnean". Halaber, "ezinbestekoa" iruditzen zaie udalak "etxebizitzaren egoeraren azterketa eta diagnostiko eguneratu bat" egitea.

Hiri hondakinen kudeaketari dagokionez, uste dute gutxiago ordaindu behar dutela gehien birziklatzen dutenek. Hori aurrera eramate aldera "beharrezko neurri batzuk" hartzea galdegin diote udalari: tasa aztertzea, hobariak aplikatzeko aukera kontuan izatea, eta abar. Bidenabar, eskatu diote gai hori jarraitzeko mahai bat eratzea. "Aurreko legealdian proposatu genion udal gobernuari, baina ez zigun kasurik egin". 

Azkenik, proposatu dute herriko elkarte eta eragileak salbuetsita egotea soinu eta argi teknikariaren gastua ordaintzetik, udalarenak diren espazio publikoak erabili behar dituztenean antolatzen dituzten jarduera, ekitaldi eta bestelakoak aurrera eramateko.