Adin guztientzako egitaraua prestatu dute Zabaleta Auzolan elkarteko kideek gaur arratsaldean. Aurpegi eta kalabaza margoketarekin ekin diote arratsaldeari, eta txokolate eta gaztaina jatea egin dute gero. Ostean, auzoa erabat ilunduta, beldurrezko ibilbideei ekin diete; adinka banatu dituzte Basotxo plazan bildutako haur eta gazteak, eta auzoko txokoetan barrera ibili dira. Kandelek argiztatutako bidea egin dute, eta noizean behin sustoren bat edo beste jaso du batek baino gehiagok; garrasi ederrak entzun ahal izan dira tarteka.
Ekimena festa giroan amaitzeko, Ttakun Kultur Elkarteko Faktoriako gazteek prestatu duten pintxo poteaz gozatu ahal izan dute bertaratu direnek, eta berriz ere auzoa argiztatu denean eman diote amaiera ospakizunari.