Domu Santu egunaren bezperan euren hilobietatik atera dira arima, izaki eta munstroak, Sasoeta auzoa erabat hartzeko. Jakin dute Halloween festa ospatuko zutela bertan Sasoeta Sasoian elkarteak eta udalak, eta jai girora batu dira.
Izaki bihurrienak Gaztelekuko beheko pisuan elkartu dira, izuaren ibilbidean. Hori egitera ausartu direnek susto ederrak jaso dituzte eta ziztu bizian joan dira sarreratik irteerara. Bitartean, aurpegi beldurgarriak eta zauri odoltsuak margotu dizkiete gaztetxoei kanpoaldean, Halloween giroan sartzeko. Bestalde, eguzkia ezkutatu denean hasi da zalaparta San Marcial plazako hilerrian. Herritarrek zain izan dituzte bertan mamu, bihurguneko neska eta bestelako izakiak, bizilagunen lasaitasunerako bihar euren hilobietara itzuliko direnak. Edo ez...