Gutxik esan dezakete urte gehiago daramatzatela jubilatuta lanean eman zituztenak baino. Fermin Gonzalez Arregi da horietako bat, 100 urte bete berri dituen herritarra. Donostian jaioa, Fermin Kalbeton eta Hernani kaleetan igaro zituen haurtzaroko lehen urteak, Pasaiara lehenengo eta Zubietan dagoen Oianguren baserrira joan aurretik. Garai horretan ohikoa zen moduan, familiakoek erabaki zuten fraidea izango zela, eta horretarako prestatzen hasi zen Arantzazun, Oñatin. Bertako formakuntza amaitu ostean Foruara (Bizkaia) joan zen prestatzen jarraitzera, baina bide hori uztea erabaki zuen denbora gutxira.
Donostiara itzuli zen lanbideen eskolan ikastera eta industria maisu titulua atera zuen, tartean soldaduska luze bat ere eginda, Loiolan. Oramil enpresan lanean hasi aurretik, lokal bat izan zuen Lasarten, irratiak egiteko nahiz konpontzeko. Ibilbide profesionalaren zati handiena, dena den, garai onenean zegoen Michelin enpresan gauzatu zuen, herriko lantegian, 1983. urtean erretiroa hartu zuen arte.
Mari Carmen Jauregirekin (2021ean hil zen emaztea) ezkondu eta lau seme-alaba izan ditu: Xabier, Koldo, Iñigo Jon eta Karmele. Gaur egun Lasarte-Orian bizi da, Sasoeta auzoko Uzturre plazan, lasai ederrean. Leo, Latifa eta Neiva zaintzaileek laguntzen diote egunerokoan.
Gozozale amorratua izanik, Adarraga etxeko tartarekin ospatu du mendeurrena, merienda ederra eginda. Ondoren, argazki album bat hartu eta zenbait pasadizo gogoratu ditu senideekin batera, irudiak berrikusterakoan betaurrekoak jantzi beharrik gabe.