Tasa eta zergak %4,2 igoko dituzte datorren urtean

Txintxarri Aldizkaria 2023ko aza. 2a, 11:49
Hiri hondakinen estaldura tasa %30 garestiagoa izango da datorren urtean.

Ezohiko saioa egin du gaur udal korporazioak, datorren urterako ordenantza fiskalen proposamena hizpide hartuta. Udal gobernua osatzen duten alderdien (PSE-EE eta EAJ) botoekin onartu dute. Oposizioko alderdiek "kudeaketa txarra" izan dela adierazi, "gardentasuna" falta izan dela salatu eta emendakinak aurkezteko egun gutxi izan dituztela kritikatu dute. Alegazioak egiteko epea irekita dago, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 30 egun igaro arte.

Tasa eta zergek %4,2ko igoera orokorra izango dute datorren urtean. Udal korporazioa berriki bildu da 2024ko ordenantza fiskalen proposamena onartu ala ez erabakitzeko eta aurrera egin du txostenak, PSE-EE eta EAJren aldeko botoekin. Aurka egin dute EH Bilduk eta Elkarrekin Lasarte-Oria Puedek, eta abstenitu egin da PP. Agustin Valdivia alkateak jakinarazi duenez, bi emendakin aurkeztu dituzte alderdiek: horietako bat, EAJk, udal euskaltegiaren tarifei buruzkoa, onartua izan dena; eta, bestea, ELOPek, alokairuko etxebizitzen prezioa merketzearen gainekoa. Azken hori ez zen aurrera atera, bost aldeko boz eta 11 aurkako jaso zituelako.

Jarraian, ordenantzen txostenari buruz jardun dira, eztabaidarako tartea baliatuta horretarako. ELOP alderdiko bozeramaile Miguel Angel Tolosak jakinarazi du aurka bozkatzea erabaki dutela, udal gobernuak ez duelako "gardentasunez" jokatu. Iritzi hori justifikatzeko zenbait arrazoi eman ditu, besteak beste, hiri hondakinen tasa %30 igotzea: "Iruditzen zaigu herritarrak informatu egin behar direla horrelako erabakiez eta ez duzue egin. Gainera, edukiontzi organikoa erabiltzeagatik orain arte jaso duten %20eko hobaria galduko dute, uste dugu ez dagoela behar bezala justifikatuta hori egitea". Horri erantzuteko alkateak hartu du hitza, azaltzeko hiri hondakinen kudeaketari buruzko lege organiko berriak erakundeak behartzen dituela 2026rako estaldura tasaren prezioa %100 igotzea, eta zerga horren garestitzea "progresiboa" izatea erabaki dutela. 

PPko zinegotzi Manuel Palaciok, Tolosak bezala, PSE-EEren eta EAJren "gardentasun falta" azpimarratu du. "Ostegun eguerdi batean aurkeztu zeniguten txostena eta 48 ordu eskas izan genituen emendakinak aurkezteko, hori ez da lan egiteko modua". Tasa eta zergak oro har %4,2 igotzea "gehiegi" iruditzen zaio. "Bizilagun dezentek hilabete amaierara iristeko arazoak dituztela ikusita, guk tasa eta zergak izoztea proposatuko genuke".

Valdiviak itxi du hitzartzeen txanda, esateko bera dela lehenengoa bat ez datorrena ordenantza fiskal hauen erritmoekin: "Ahal duguna egin dugu, kontuan izanda kontu hartzailerik gabe egon garela irail hasieratik urriaren 9ra arte, udalean oso garrantzitsua den denbora tarte batean".