Ekimenez beteta dator udazkena, Udal Liburutegian

Txintxarri Aldizkaria 2023ko urriaren 31

Haur eta gaztetxoen artean irakurzaletasuna bultzatzeko asmoz, 3 urtekoengandik hasita 12 urte bitartekoentzako eskaintza zabala egin du Udal Liburutegiak; ipuin kontaketa saioak aurrera eramango dituzte, baita sormen tailerrak ere.

Abendura bitarte hainbat ekimen antolatu ditu Udal Liburutegiak. Hauek dira iragarri dituen jarduerak:

Azaroaren 7an, asteartearekin, 10:30etik 12:00etara Gazte Booktuber kedada aurrera eramango dute. Galtzagorri Elkarteak antolatutako eta EAEko Liburutegi zerbitzuak babestutako Booktuberboom_+ Lehiaketaren VII. aldiaren harira antolatu dute, eta Oriarte institutuko ikasleak parte hartuko dute bertan. Dena dela, lehiaketara 14 eta 18 urte bitarteko edozein gazte aurkez daitekeela ohartarazi dute arduradunek. Informazio gehiagorako honako esteka kontsulta daiteke: https://booktuberboom.wordpress.com/lehiaketa/

Azaroaren 13tik 16ra, berriz, Galtzagorri elkartearen Hizki Hazka areto literarioa aurrera eramango dute. Alfabetoa izango da aretoa protagonista nagusia, eta Intza Alkain herritarrak dinamizatuko du saioa. Sasoeta eta Landaberri ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako ikasleek parte hartuko dute bertan. 

Azaroaren 22an, aldiz, asteazkenarekin, 17:00etatik 17:45era Berdintasunean irakurketarekin jolastuz ipuin kontaketa saioa izango da Mari Garcia Laderorekin. 6 eta 8 urte arteko haurrei zuzenduta dagoen saioa dela ohartarazi dute. 

Abenduan ere bai

Abenduaren 13an, asteazkenarekin, 17:00etatik 18:00etara Irakurketa kluba iragarri dute. Hori ere Mari Garcia Laderok dinamizatuko du, baina, oraingoan, 3 eta 5 urte bitarteko haurrentzat eta haien gurasoentzat izango da saioa. Haurrentzako Euskal Literatura abiapuntu harturik, dinamizatzaile prestatu batek zuzendutako irakurketa saioetan parte hartzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. 

Saio horien helburua bikoitza dela nabarmendu dute antolatzaileek. Alde batetik, "gozatzeko une bat" sortu nahi dute ipuin, kantu, olerki eta hitz-jolasekin, heldu eta haurrek ondo pasa dezaten. Bestetik, "gurasoen prestakuntza" sustatu nahi dute, eta horretarako, haurrentzako euskal literaturako baliabideak erakutsiko dituzte, eta kontatzeko moduak azalduko: "Azken batean, helduak seme-alabekin literatura modu autonomoan lantzeko gai senti daitezen nahi dugu". Plazak mugatuak direla ohartarazi dute, eta, interesdunek izen ematea liburutegian egin behar dutela.