Euskal Ligako II. Mailako taldeak bosgarren setean lortu zuen garaipena

Txintxarri Aldizkaria 2023ko urr. 31a, 14:45

Gogor lehiatu behar izan zuen Ostadar SKTko II. mailako taldeak garaipena erdiesteko. Universidad de Navarra taldearen aurka jokatu zuen denboraldiko bigarren neurketa; bi orduko jokoaren ostean, bosgarren setean erabaki zen garailea

Neurketa luzea eta gogorra jokatu behar izan zuen Ostadar SKTko Euskal Ligako II. mailako taldeak Universidad de Navarraren aurka hilaren 28an. Tanto luzeak eta lehiatuak ikusi zituzten boleibol zaletuek Maialen Chourraut kiroldegian.

Lehen seta borrokatuz eskuratu (27-25) ostean, etxeko taldeak bere joko erritmoan beherakada bat izan zuen eta Iruñeako taldeak ongi baliatu zuen neurketa bere alde jartzeko (13-25 eta 18-25). Laugarren setean, Asier Acuriolaren taldeak ez zuen amore eman eta partida berdindu zuten (27-25). Azken seta erabakigarrai izan zen. Etxeko taldeak ez zuen huts egin. Ederki aritu ziren urdin-beltzak eta 15-8 irabazi zuten norgehiagoka eskuratuz.

Taldea gogotsu

Asier Acuriola entrenatzailea pozarren dago taldeak egindako lanarekin.

Aurten taldea gogotsu ikusten du eta partidak lehiatzeko prestatuago dagoela uste du: "Helburua urtero taldearen maila ontzea da eta neurketetan lehiakorrak izatea".

Horretarako, esperientzia duten bi jokalarik bat egin dute taldearekin eta gainera, jubenil mailako kide batzuk ere igo dira taldera. "Nahasketa ona dela uste dut. Egoera horrek lehiakortasun gehiago ematen digu eta jokalari berrien esperientzia berdinduak izan daitezkeen neurketetan oso baliagarria izan daiteke," aipatu du talde urdin-beltzeko entrenatzaileak.

Hala ere, oraindik taldea %100ean ez dagoela jakin arazi du: "Batetik jokalari bat mindua dago eta osatzen ari da eta bestetik, jokalari berrietako bat hilabetez kanpoan dago".

Beraz aurten lehiakor izango direla uste du, baita ligako maila pixkanaka igotzen doala ere: "Nahiz eta oraindik talde batzurekin ez dugun lehiatzeko aukerarik izan, iazko maila mantendu edo pixka bat igo dela esango nuke". Baina neurketaz neurketa joan beharko da; oraingoz bi jardunaldietan garaipena erdietsi du Ostadarreko taldeak.