Caceres probintzian dago Torrecillas de la Tiesa, izen bera duen hiriburutik 70 bat kilometrora. Herri txiki, polit eta abegikorra da hura ezagutzera joaten diren guztientzat. Bertako zenbait biztanlek emigratu egin dute arrazoi desberdinengatik, baina sorterria bihotzean daramate eta ez dute ahazten. Horren adibide, Extremadurako herri horretan jaiotakoek pasa den larunbatean egin zuten topaketa, Urnietan dagoen Oianume jatetxean.
Coro Murillo da antolatzaileetako bat eta TXINTXARRI-ri kontatu dionez, oso ongi pasa zuten aurreko larunbateko bazkarian eta Oianume jatetxekoek emandako zerbitzua "oso ona" izan zen. Hauxe izan zen menua: onddo nahaskia, itsaski budina, etxeko foiea, legatza eta arkumea.
1995etik elkartzen
Araeta jatetxean egin zuten aurreneko bazkari topaketa Torrecillasen jaiotako lagunek, 1995. urtean. Geroztik, beste 25 aldiz elkartu dira. Hitzorduak, ziur asko, gehiago izango lirateke pandemiagatik izan ez balitz. 2019an eseri ziren azkenekoz jatetxeren bateko mahaien bueltan, eta, lau urte geroago, ekimena berreskuratzea erabaki dute. "Gure gurasoek ekin zioten honi, guk hartu dugu ardura orain eta laster gazteek egitea nahiko genuke, gure seme-alabek", nabarmendu du Murillok.
Bapo bazkaltzeaz gain, abestu eta dantzatzeko aukera izan zuten, musikari talde bat Oianumen izan baitzen haiekin.