Albokak eta Zero Settek parte hartu dute Lasartearra elkartearen urteurrenean

Txintxarri Aldizkaria 2023ko urr. 28a, 21:12

Lasartearra elkarteak bere 50. urteurrenaren ospakizuna biribildu du larunbat arratsaldean. Manuel Lekuona Kultur Etxean batu dira elkarteko bazkideak eta haien lagunak herriko bi taldeek elkarrekin prestatu duten saioa ikusteko. Ia ordu eta erdiz luzatu den emanaldiak tarte atsegina pasatzeko aukera eman die denei. 

Alboka Abesbatzak hasi du emanaldia, bakarka. Montse Latorrek zuzenduta, Requiem, Durme durme, City of stars, Baratze bat, Bring me little water, Silvie eta Lau teilatu abestu dituzte Miren Gabirondo pianistak jotako musikarekin. 

Jarraian, koruko kideek utzitako lekua Zero Sette akordeoi orkestrak hartu du. Lau pieza jo dituzte: Kitolis&Kontra ¡an-zas!, Zurekin batera, Mozkorri eta Akerrak Adarrak Okerrak... Korrontzi. Akordeoi doinuak txaloekin jarraitu dituzte aretoa bete duten herritarrek, bereziki, Oskorriren kantuekin osatutako piezan.

Horiek amaituta, Albokako kideak batu zaizkie elkarrekin Xalbadorren heriotzean, Txoria txori eta Lasartearra eskaintzeko. Azkenak berriro txaloak eragin ditu eta ikusleetako askok abestu ere egin dute. Urteurreneko ospakizuna izanda Zorionak zuri kantak ezin zuen hutsik egin. 

Agurtu aurretik, 50 urte baino gehiagoz elkarteko kide izan diren bazkideeak oholtzara igo dira talde argazkia egiteko.