Pasa den larunbatean, Konponbiderako Giltzak dinamika aurketu zuen Sare Herritarrak Gernikan. Pili Kastresanak azaldu duenez, "salbuespen neurriei atea itxi eta euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko ateak irekitzeko asmoz" sortutako tresna da. Ekitaldi hartan parte hartu zuen norbanako esanguratsu ugarik eta eragile sozial, politiko eta sindikalen ordezkaritza zabalak. "Etxera itzultzeko bidea eraikitzen jarraitzeko borondatea adierazi eta konpromisoa hartu zuten beste behin ere".
Egunotan eta datozen asteetan manifestua zabaltzen ari dira eta horretan modu aktiboan parte hartzeko eskatu die Kastresanak bertaratutakoei, ahalik eta jende gehiagori iristeko. "Guztiok gara giltza konponbidearen eta bizikidetzaren ateak parez pare zabaltzeko".
Zigorraren gehiengoa beteta duten presoei espetxetik kanpo beren zigorra betetzeko beste modu batzuk aplikatzea galerazten duen legerik ez dela ere gogoratu dute, baina horiek beharrean, salbuespen legedia ezatzen zaiela, eta ez zaizkiela kontuan hartzen Frantzian edo Belgikan betetako zigor urteak. Azaldu dutenez, "7/2003 legeak bizi arteko kartzeko zigorra ahalbidetzen du, eta 5/2003 legearekin euskal presoen jurisdikzio kontrola Madrilgo organo judizialen esku geratzen da, salbuespenezko epaitegien esku, epaitegi naturalen kaltetan. Legeak dioen bergizarteratzeko aurrepausoetan oztopo bilakatuz". Hala ere, aurrerapausoak egiten ari dira "nahi baino mantsoago bada ere" eta orain "iraganeko ateak itxi eta etorkizuneko ateak irekitzeko unea da".