Haur eta gaztetxoentzako jarduera beldurgarriak egingo dituzte Sasoetan

Txintxarri Aldizkaria 2023ko urr. 27a, 19:11

Domu Santu eguna da asteazkena eta bezperako arratsaldean, urriak 31,  Halloween edo Gau Beltza ospatuko dute askok. Horien artean, Sasoetako bizilagunek. Udalak eta Sasoeta Sasoianek 6-14 artekoentzat prestatu dituzten jarduera "beldurgarrien" berri eman dute Agustin Validivia alkateak, Jaiak saileko buru Txus Alonsok  eta bizilagunen elkarteko lehendakari Jose Antonio Reyek.

Auzo beldurgarria bilakatuko da Sasoeta astearte iluntzean. Lehen, Atsobakarren ospatu ohi zuten Gau Beltza edo Halloween, baina azken hiruzpalau urteetan Jaizkibel plazako merkatari eta ostalariek antolatu ohi dute Txus Alonsoren esanetan "gero eta presenteago dagoen ospakizuna". Arratsaldea izugarria izan dadin prestatu dituzten jardueren berri eman dute ostiral arratsaldean Gaztelekuan, festaren erdigunea izango den lekuan.

Lasarte Oriako Udalaren Jaiak Sailak Sasoeta Sasoian bizilagun elkartearekin lankidetzan aurrera eramango ditu hiru ekimen. Batetik, Gaztelekuko balio anitzeko aretoa Izuaren igarobide bilakatuko dute, 17:30etatik 20:30era bitartean. Lau gune izango ditu eta haietan pertsonaiez gain, irudi animatronikoak ere ibiliko dira. Halaber, Gaztelekuaren parean, Jaizkibel plazan, bi karpa jarriko dituzte  makillaje beldurgarri eta zauri izugarrien tailerra aurrera eramateko. Bi jarduerak doakoak dira eta 6-14 urte artekoei bideratuak.

Azkenik, San Martzial hilerria prestatzen ari direla azaldu du Jose Antonio Reyek. Plaza hilerri bilakatuko dute eta jaiari lotutako giroa emango diote, horretarako, asteartetik  buru belarri lanean ari dira elkarteko kideak Gaztelekuan, beharrezko atrezzoa prestatzen. Ezustekoak izango dira, baina "dibertigarria eta beldurgarria" izango dela aurreratu du elkarteko lehendakariak. Helduei begirakoa bada ere, haurrek "traumarik gabe" parte hartzeko modukoa izango dela azaldu du, horregatik, familian joan eta "deneko ondo pasatzea" da proposamena. 18:00etatik 21:0etara egongo da zabalik. 

Horrez gain, plazako ostalari eta merkatariek ere egingo dituzte beraien jarduerak. Saiatu dira haiekin ere egin eta indarra ematen, baina beraien bidea jarraitzea nahiago izan dute. Hau da 17:30etik 20:30era Jaizkibel plazan aurrera eramango dutena: haur jolasak, buruhandiak, mozorro lehiaketa, txokolate jana, zozketa eta dantzaldi beldurgarria.